Hurrengo krisi ekonomikoa finantza erakundeen gehiegikeriek eragin ez dezaten, merkatu horien gaineko kontrola zorrozteko neurriak proposatu ditu Europako Batzordeak.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak atzo aurkeztutako plana bat dator Jacques de la Roisiere buru zuen aditu talde batek egindako proposamenekin.
Funtsean, oraingo gainbegiratze organuen eta arauen koordinazioa, eta bi erakunde berriren sorrera proposatu ditu Bruselak. Arrisku Sistemikoen Europako Kontseilua (ERSC, ingelesez) arduratuko da finantza munduaren egonkortasuna bermatzeaz eta arriskuez ohartarazteaz. «ERSCren sorrerak erantzungo lioke krisi honek agerian utzitako ahuldade nagusietako bati, hots, finantza sektorea arrisku sistemiko konplexu eta elkarrekin lotutakoen arriskuari», azaldu du EBk. Organu horren presidentea Jean Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentea izango da, eta beste 27 banku zentraletako buruak ere izango dira zuzendaritzan.
Bigarren erakundeak, Finantza Gainbegiratzaileen Europako Sistemak, berriz, sistema gainbegiratu beharrean, sistemaren partaideak kontrolatuko ditu. Sitema horretan izango dira estatukideen gainbegiratzaileak eta haien koordinaziorako dagoeneko bazeuden hiru egiturak. Horietako bat bankuak gainbegiratzeaz arduratuko da, beste bat aseguru etxeetaz eta beste bat burtsaz. Finantza erakunde gehienek estatukide bakarrean lan egiten dutenez, estatuetako gainbegiratzaileak arduratuko dira eguneroko kontrolaz, baina arauak koordinatzen saiatuko dira.
Europako Batzordearen proposamena ekaineko goi bileran aztertuko dute EBko gobernuburuek. Gehienen oniritzia jasoko du, baina ikusteko dago Erresuma Batuko gobernuaren jarrera. Izan ere, Londresko Cityn dago Europako finantza gune nagusia, eta haien gaineko araudiekiko mesfidantza handia dute. Horregatik, Erresuma Batuko Gobernuak atzo gogorarazi zuen Bruselarena «negoziatu beharreko abiapuntua» baizik ez dela.
Bruselak bi erakunde sortuko ditu finantza sistema gainbegiratzeko
Arrisku globalez ohartaraziko du batek, eta bestea banku indibidualen gaineko kontrolaz arduratuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu