Gastu publikoa gora eta diru sarrerak behera. Emaitza, defizit gero eta handiagoa. Hori gertatu zaie hainbat estaturi krisiaren ondorioz. Baina, Europako Batzordea ez dago prest Egonkortasun ituna hausten uzteko. Hala, espedientea ireki die Espainia, Frantzia, Irlanda, Grezia eta Letoniari.
Barne Produktu Gordinaren %3an finkatzen du Bruselak estatu baten gehienezko defizit publikoa. Kopuru horren gainetik dabiltza espedientea ireki zaien herrialdeak. Irlandak izan zuen iaz handiena.2007a %0,2ko superabitarekin amaitu ostean, %6,3ko defizita pilatu zuen. Aurtengo aurreikuspenak are okerragoak dira: Europako Batzordearen arabera, %9,5eko balantze negatiboa izango du.
Antzeko kasua da Espainiarena. 2007tik 2008ra bitartean %2,2ko superabita edukitzetik %3,4ko defizitera pasa da. Gobernuaren arabera, 2009. urtea %5,8n amaituko du, baina Brusela ezkorragoa da. Haren ustez, krisiaren ondorioz, gastuak diru sarrerak baino %6,2 handiagoak izango dira.
Letonia ere %3ko mailatik oso gora ibiliko da aurten. Europako Batzordearen aurreikuspenen diote %3,9ko defizit publikoa izango duela, eta antzeko mailan ibiliko dela 2010ean ere.
Frantzia, iaz, ozta-ozta sartu zenEgonkortasun Itunak baimentzen duen mailan, %2,9ko defizitarekin amaitu baitzuen urtea. Bruselaren ustez, aurten puntu bat haziko da, %3,9ra.
Greziari ere ireki dio espedientea. Euroguneko gainerako herrialdeek baino hazkunde handiagoa ari da izaten, eta horri esker gai izango da iazko defizita mantentzeko. Baina aurretik ere %3aren gainetik zebilen. Hain zuzen, %3,7an amaitu zuen iaz.
Joaquin Almunia Europako Ekonomia gaietarako komisarioak esan du garai hauetan «ezinbestekoa» dela Europako ekonomiaren «sinesgarritasuna» mantentzea. Horretarako finantza publikoak kontrolatu egin behar direla azaldu du. Espedientea irekitako herrialdeek ez dute zigor ekonomikorik jasoko, oraindik zehaztu gabeko epe bat jarriko zaie defizita txikitzeko.
Bruselak espedientea ireki die Espainiari eta Frantziari
Egonkortasun itunak baimentzen duena baino defizit publiko handiagoa dute bi estatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu