-zaintzan egindako orduak: Lanaldiari buruzko Europako arauak orain arte bi kategoria hartzen zituen aintzat: «lan denbora» eta «atseden denbora». Orain, beste bi gehitzea proposatu du Bruselak: «Zaintza denbora» eta «zaintza denboraren zati jardueragabea». Batzordearen arabera, «zaintza denboran inaktiboak diren aldiak ez dute behar aldi aktiboak bezain besteko babesik», eta, ondorioz, «zaintza denboraren zati jardueragabea ez da lan denbora».
Stravos Dimas Enplegu eta Gizarte Gaietarako komisarioak adibide bat eman zuen neurri hori azaltzeko. Ospitale batean medikuek eta erizainek zaintzan egiten dituzten orduetatik, proposamenaren arabera, ez lirateke lanorduak gaixo baten eta bestearen zaintzaren artean lotan edo atsedenean egiten dituztenak. Arauaren xedea, Dimasen arabera, «langileen osasun eta segurtasuna babestea da, baina norbait lotan badago ospitalean, ez dago bere osasuna arriskuan jartzen». Gauza bera gertatuko litzateke lantokian horrelako zaintzak egiten dituzten langileekin, baina komisarioaren arabera, gehienbat mediku eta erizainen eragingo die. Batzordearen proposamenaren arabera, kontrakorik erabaki dezakete herrialdeetako legeek, negoziazio kolektiboek edo industriaren bi aldeen, langile eta enpresaburuen arteko akordioek.
-48 orduak gainditzeko salbuespenak: Europako arauak asteko gehienezko kopurua 48 lanordutan ezartzen du. Baina, hori bai, 48 orduko kopuru hori gainditzeko aukera ematen du enplegatzailearen eta langilearen arteko akordio batekin. Proposamen berriak, aukera hori mantendu egiten du, zehaztasun batzuk gehituz, «gehiegikeriak saihesteko», Dimas komisarioaren arabera.
48 orduak gainditzeko, lan hitzarmenaren edo industriako bi aldeen akordioa beharko da. Baina, baldintza hori ez da bete behar lan hitzarmenik ez bada indarrean, edota herrialdeko legeak ez badio lan hitzarmenari hori arautzeko eskumenik aitortzen. Kasu horietan, nahikoa izango da langilearen oniritzia astean 48 orduak gainditzeko. Gaur egun jada indarrean dagoen aukera horri baldintza gehiago jartzea proposatzen du Bruselak: langileak adostasuna idatziz adieraztea gehienez urtebeterako eta berritzeko aukerarekin. Adostasun hori ezingo da kontratua sinatzeko garaian edota froga garaian sinatu.Langileak ezin du kalterik jasan ez badu adostasunik adierazi nahi. Langileak ezin du astean 65 ordu baino gehiago egin, lan hitzarmenak edo industriako bi aldeen akordioak kontrakoa esaten ez badu behintzat.
-erreferentzia epea: Asteko 48 lanorduko muga kalkulatzeko erreferentzia epea lau hilabetekoa da, baina orain, Bruselak aukera eman nahi die herrialdeei epea urtebetera handitzeko, «eragile sozialei kontsulta egiteko» baldintzarekin. «Hala, enpresei eta herrialdeei malgutasun handiagoa ematen diegu euren lanorduak antolatzeko», dio Bruselak; «konpainiek aukera gehiago izango dituzten, eskariaren gorabehera aurre egiteko».
-Ordaineko atsedenak:Eguneko lanordu kopurua gainditzen duenean, langileari dagokion ordaineko atsedena eman ahal izateko epea zabaltzea ere proposatu du Batzordeak epe hori «arrazoizkoa» izan dadin, gehienez 72 ordukoa.
-arrazoiak: Proposamena egiteko lau irizpide erabili dituela dio Europako Batzordeak: «Lanaldiaren gaiaren inguruan, langileen osasun eta segurtasuna babesteko maila handiko neurriak ziurtatzea; enpresa eta herrialdeei lanaldia antolatzeko malgutasun handiagoa ematea; lanaldiaren eta famili bizitzaren artean bateragarritasun handiagoa lortzea; eta enpresetan arrazoi gabeko mugak saihestea, batez ere Enpresa Ertain eta Txikietan».
-
ERREAKZIOAK
Sindikatuen Konfederazioa eta Europako Alderdi Sozialista haserre proposamenarekin
Europako Batzordeak azaldu duenez, saiatu da gaia eragile sozialekin eztabaidatzen, akordiora iristeko, baina haiek uko egin diote negoziatzeari eta Batzordeari eskatu diote arau proposamen bat egiteko. Hala ere, proposamenak berak jasotzen du eragileek puntu zenbaiti buruz emandako iritzia. Eta, hiru puntutan, agerikoa da Batzordeak Patronalaren eta Enpresa Publikoen ordezkarien iritziekin bat egin duela proposamena egiterakoan, bai 48 orduak gainditzeko akordio indibidualaren gaian, bai erreferentzia epea luzatzean, baita zaintza orduen auzian ere.
Proposamenak eragin ditzakeen erreakzioei buruz galdetu ziotenean, hala ere, «erdiko jarrera» hartu dutela azaldu zuen atzo Stavros Dimas komisarioak. «Bi aldeen arteko erdiko jarrera hartzen denean, kritikak bi aldeetatik datoz», esan zuen Dimasek eta hautatutakoa «irtenbide zuzena» dela, gaineratu zuen. Ez dira iritzi berekoak Europako Sindikatuen Konfederazioan. John Monks idazkari nagusiak proposamena «onartezina» eta «neurriz kanpokoa» dela salatu zuen. «Batzordeak men egin die zenbait estaturi eta enpresaburuen lobby-ari. Salbuespen indibidualak erraztu ditu; enpresaburuei hamabi hilabeteetan lana alde bakarretik antolatzeko ahalmena eman die; eta zaintzak egiten dituzten langileen babesa ezabatu du». Europako Alderdi Sozialistak, berriz, auzibidera eraman nahi du proposamena, «Batzordeari enplegu eta gai sozialetan hobekuntza gradualak aurkeztea exijitzen dion Europako Ituna hausten delako». Gaitzetsi egin du baita, aste gutxi batzuk iraungo dituen Batzorde batek berria azaroan hasiko da lanean horrelako proposamen eztabaidagarria aurkeztea. Proposamena Europako Parlamentuan eztabaidatuko da eta Ministroen Kontseiluak onartu behar du ondoren.