Rating agentzien jarduna mugatzeko hainbat neurri hartzekoa zen atzo Europako Batzordea. Besteren artean, finantza erreskatea edo bestelako finantza laguntzaren bat jaso duten euroguneko herrialdeen zorra kalifikatzea galarazi nahi zien. Baina, azkenean, desadostasunak handiegiak zirelako, erabakia atzeratzea erabaki zuen.
Proposamena Bruselako Finantza Zerbitzuen arduradunak landu du, Michel Barnier frantziarrak. Haren ustetan, rating etxeek ez lukete finantza laguntza jasotzen ari diren herrialdeen inguruko txostenik kaleratu behar, are egoera okerragora kondenatzen dituztelako. Baina kontu teknikoak aztertzeko denbora gehiago behar dutela azaldu zuen Barnierrek, atzoko bileraren ostean.
Rating agentzien jarduna mugatzeko beste neurri batzuk ere jasotzen ditu proposamenak. Esate baterako, herrialdeen inguruko txostenak sei hilean behin kaleratu beharko dituzte eta ez urtean behin, orain arte egiten zuten moduan, eta txostenak burtsak itxi ostean edo ireki baino ordubete lehenago argitaratu beharko dituzte.
Baina agentzientzat ez ezik, zor merkaturatzaileentzat betebehar berriak ere zehaztuko ditu arazudi horrek. Hala, merkaturatzaile batek ezingo ditu rating agentzia beraren zerbitzuak hiru urtez baino gehiagoz kontratu, alegia, gutxienez hiru urtean behin agentziaz aldatu beharko duela. Egiturazko inbertsio produktuek edo inbertsio produktu konplexuagoek, berriz, gutxienez bi agentziaren eskuetatik pasatu beharko dute. Rating agentzia baten kapitalaren %5 edo gehiago duen akziodunak, gainera, ezingo du lehiakidearen akzio bat bera ere eduki.
Kalifikazio enpresa horiek argitaratutako txostenei kasu egin eta dirua galdu duten inbertsiogileei kalte ordaina eskatzeko eskubidea ere aitortuko die araudi berriak.
Zorraren krisia
Bruselak ez du rating agentzien jarduna mugatzeko erabakirik hartu
Kontu teknikoen inguruan dituzten desadostasunak argitzeko denbora gehiago behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu