Euribor, Libor eta Tibor interes tipoak manipulatzea egotzi die Europako Batzordeak sei bankuri, Joaquin Almunia Europako Lehiakortasun komisarioak jakinarazi duenez. Batzordeak zigorrik gabe utzi ditu Barclays eta UBS bankuak, eurak ere inplikatuta egon ziren arren, kartelaren berri eman baitzioten Bruselari.
1.710 milioi euroko isuna jasoko dute, Europako Batasunaren historian inoiz izan den handiena: Deutsche Bankek 725,4 milioi ordaindu beharko ditu, Societe Generalek 445,9 milioi, RBSk 391 milioi, JP Morganek 79,9 milioi, Citigroupek 70 milioi, eta RP Martinek 247.000 euro. UBSk 2.500 milioiko isuna saihestu du eta Barclaysek 690 milioikoa
Almuniaren esanetan, "harrigarria" da bankuen arteko "konplizitatea" ikustea euren artean lehiatu beharrean, eta gaineratu du, isunaren bidez, Europako Batasunak "finantza sektoreko kartelak zigortzeko mezu argia" bidali duela. Lehiakortasun komisarioak adierazi du sei erakunde horiek egindakoak "milioika" laguni eragin diela, indize horiek baldintzatzen dutelako euren hipoteka.
Orain artean Bruselak merkatu librearen aurka jarritako zigorrik handiena 1.470 milioikoa zen, eta zazpi telebista ekoizlek jaso zuten.