«Alemanian koronabirusak izan duen eragin ekonomikoa orekatzen lagunduko dute, baina lehia ez urratzeko mugak mantentzen dira». Halako iritzia jakinarazi du gaur Bruselak Berlinek Lufthansa konpainiari zutik eusteko martxan jarri dituen estatu laguntzei buruz. «Beharrezkoa da, egokia eta neurritsua estatu kide baten ekonomiak izan duen alterazio larri baten aurrean», dio Batzordeak. Pandemia dela eta, salbuespeneko arautegia onartu zuen Bruselak estatu laguntzak legezkotzat jotzeko hainbat kasutan, eta arau horiekin bat dator Berlinen ekinaldia. Bruselaren arabera, laguntzak ez du gainditzen konpainiak jarduerarekin jarraitzeko beharko lukeen gutxieneko bultzada, «eta ez doa aurreko kapital maila ordezkatzetik harago».
Hala, 6.000 milioi euro publiko horiek eragotzi egingo dute DHLren (Deutsche Lufthansa AG) kiebra; enpleguan eta Alemaniaren trukatze komertzialean hondamendia litzateke konpainiaren hondoratzea. Berlinek, dena den, konpromiso bat hartu behar izan du laguntzak ontzat jo ditzaten: dirua jaso eta urtebetera konpainiatik aterako da. Aterako ez balitz, berregituraketa sakon bat proposatu beharko luke enpresarentzat.
Besteen akzioak erosteko mugak
Horrez gain, DHLk ezingo du dibidendurik eta bonusik banatu; konpainiaren akziodun nagusiek berriro estatuaren parte hartzea erosten lagunduko duen neurritzat jo dute hori. Era berean, DHLk ezingo du diru hori baliatu 2019ko abenduaren 31 baino lehen zailtasun ekonomikoetan zeuden bere adarrak laguntzeko, eta ezingo ditu bere lehiakideen parte hartzeak erosi parte hartze horiek %10etik gorakoak badira.
Azkenik, akordioak jaso du Lufthansak 24 slot utzi beharko dizkiela beste konpainiei, aireratzeko eta lur hartzeko ordutegien eskubideak. Margrethe Vestager Lehia komisarioak esplikatu du azken neurri horrek aukera emango diela beste konpaniei Frankfurteko eta Municheko merkatuetan sartzeko, «prezio justuagoak egon daitezen eta aukera zabalagoa kontsumitzaileentzat».
Kontsumitzaileentzat ona izango den ala ez datorren urtearen bueltan ikusi beharko da; berehala ikus daitekeena da Lufthansarentzat onurgarria dela erreskatea. Izan ere, %14tik gora igo da konpainiaren akzioa, 6.000 milioiko erreskate publikoak baimena duela jakin eta gutxira. Heinz Hermann Thiele akziodun nagusiak esan du ados dagoela estatuaren ekarpenarekin, eta akordio bat nahi duela konpaniako langileen sindikatuekin.