Makroekonomia

Bruselak urrundu egin du gainbehera ekonomikoa gertatzeko aukera

2016 eta 2017 urteetarako hazkunde aurrerikuspenei eutsi die Europako Batzordeak, arriskuak ugaritu direla onartuta.

Pierre Moscovici EBko Ekonomia eta Finantza Gaietarako komisarioak aurkeztu ditu gaur neguko aurreikuspen makroekonomikoak, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko otsailaren 4a
08:20
Entzun

Europa berriro krisian erortzeko arriskurik ez du ikusten, gaur gaurkoz, Europako Batzordeak. Aurreikuspen makroekonomikoen taula eguneratu du gaur, eta susperraldiaren erritmoan ez du ia aldaketarik ikusten. Hala, euroguneko barne produktu gordina aurten %1,7 handitzea espero du -udazkenean esandakoa baino hamarren bat gutxiago-, eta 2017. urtean, %1,9. Batasun osoari dagokionez, igoera %1,9 eta %2 izatea aurreikusi du, hurrenez hurren.

Txinan eta gorabidean dauden herrialdeen egoerak aztoratu ditu merkatuak urte hasiera honetan. Bruselak onartu du gorabidean dauden herrialde horietan egoerak okerrera egin duela azken hilabeteotan, eta horrek ekonomia globalari eragiteko arriskuak ugaritu dituela oharatarazi du. Europa "arriskuak inguratuta" dago, Pierre Moscovici  Ekonomia eta Finantza Gaietarako komisarioaren hitzetan. Haatik, bloke ekonomikoak daraman norabidean ez duela ondorio kaltegarririk izango espero du.

Funtsean, hazkundea bultzatzen ari diren faktoreek indar gehiago dutela ondorioztatu du Bruselak. Petrolioaren prezioen jaitsiera espero baino handiagoa eta luzeagoa izaten ari da; euroaren balio galtzeak esportazioei mesede egin die; EBZren neurriei esker finantzazio baldintzak leundu dira; eta aurrekontu politikak hazkundeari bultzada txikia emango dio, errefuxiatuei harrera egiteko gastua handitzearen ondorioz.

Europako Batasuneko herrialde guztietan ekonomiak hazkundea izango du aurten, Grezian izan ezik. Hori bai, Greziako egoera ere orain dela hilabeet batzuk iruditukatu zena baino hobeagoa izango da. Aurten atzeraldia %1,3koa izatea kalkulatu zuen EBk udazkenean, eta erorketa soilik zazpi hamarrekoa izatea aurreikusi du orain.

Eurogunean Irlandak izango du hazkunde tasarik handiena, berriro ere, BPGa %4,5 handituta. Herrialde handien artetik, Espainiak izango du igoerarik indartsuena: %2,8. Txanponaren ifrentzua defizita da. Bruselak uste du 2015 eta 2016 urteetan ezarritako defizit muga gaindituko duela Espaniak, eta ezarritako helburua betetzeko (%2,8 aurten) asmoz gobernu berriak hartuko dituen neurrien zain jarraitzen dutela gogoratu du Moscovici komisarioak.

Herrialde nagusiei dagokionez, Alemaniak iragarritakoari eutsiko dio (%1,8ko igoera 2016an eta 2017an). Italia eta Frantzia horren azpitik geratuko dira, %1,4 eta %1,3 hurrenez hurren. Heldu den urtean Frantzia apur bat indartuko da -lau hamarren gehiago- baina Italia antzera geratuko da, %1,3 hazita.

Inbertsioa, gora

Konfiantza faltak eta ziurgabetasun egoerak izandako ondorioen artean inbertsio urria egon da. Alor horretan gauzak hobera egingo duten konfiantza osoa du orain Europako Batzordeak. Aurten inbertsioa %2,8 igoko dela kalkulatu du, eta datorren urtean, %4,2. Aspaldiko igoerarik indartsuena litzateke, lortuz gero.

Susperraldia enpleguan eta langabezian islatuko da, baina oraindik erritmo oso apal batekin. 2015 urtean langabezia tasa %11 izan ondoren, 2017 urterako %10,2 izatera jaitsiko dela espero du. Enpleguaren hazkundea %1 izango da hala aurten nola heldu den urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.