Lan gatazka

BSH Boschen lanuzteak hasiko dira berriro

Langile batzordeak salatu du zuzendaritza ez dela betetzen ari proiektu berri bat bideratzeko akordioa, eta ekainerako bi orduko lanuzteetara eta egun osoko grebara deitu dute.

BSHko langileen manifestazio bat, iaz. JUANAN RUIZ / FOKU
xabier martin
2018ko ekainaren 6a
13:57
Entzun

Gasteizko BSH lixatzeko zentroen egilea salgai jarri zuen Bosch multinazionalak orain urtebete, eta horrekin batera mobilizazioei ekin zieten lantegiko 250 langileek. Zuzendaritzak plantaren itxiera programatu zuela salatu zuten beharginek, eta negoziazio prozesu bat abiatu zen, eroslea aurkitu bitartean proiektu berri bat martxan jartzeko. Akordioa ere lortu zela azaldu du batzordeak, baina sei hilabete iragan eta gero, zuzendaritzak bete gabe jarraitzen duela esan du, gaur, eta egoera horren aurrean lanuzteak eta grebak iritsiko direla iragarri du.

"Zuzendaritzak joko arauak aldatu ditu, eta erdietsi genuen akordioa ez du sinatu. Salgai jartzeak kaltea besterik ez dio egin enpresari, eta benetako informazioa ukatzen zaigu. Ematen du zuzendaritzak denbora pasatzea baino ez duela nahi, eta horrek arrisku bizian jartzen du plantaren geroa".

Horregatik, batzordeak gaur bertan hasiko diren bi orduko lanuzteen berri eman du. Ekainaren 13an errepikatuko da lanuzte hori, eta 20an, berriz, egun osoko grebara deitu dute. Bi egun horietan, langileak Gasteizen barna manifestatuko dira. "Enpresak bere hitza betetzea eskatzen dugu, gardentasunaz aritzea eta bermeak ematea geroa egon dadin BSHrentzat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.