Otsailaren 26an atera ziren itsasora estreinakoz berdelaren bila euskal arraste ontziak eta egun bat geroago inguru sarekoak. Aurten, 7.500 kilotan jarri dute eguneroko muga arrantzontzi bakoitzarentzat, arrasteko eran; ingurusarekoek 6.000 kilo berdel kairatu ahal izan dituzte egunero; eta beste eratara ibiltzen direnek (amuarekin), 2.000 kilo. Azken horiek oraindik egun batzuk gehiagotan izango dira arrantzan.
Edonola ere, "gutxi da" arrantzaleen esanetan, "gutxiegi". Kanpaina hasi orduko bukatu da. Iazkoa "txarra" izan zen, eta aurtengoak errekorra hautsi du laburtasunari begira. Mila arrantzalek baino gehiagok dihardute 120 arrantzontzitan Gipuzkoan eta Bizkaian. Aurten berdela arrantzatzeko zuten baimena agortu da jadanik, 8.000 tonako mugara iritsita. Espainiako Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioak ez du muga gehiago zabaldu, 2010ean gehiegizko harrapatzeak egiteagatik isuna ordaintzen ari baitira arrantzaleak aurtengo kuota murritzarekin.
Getarian (Gipuzkoa) dozena erdi bat arrantzontzik deskargatu dute goizeko seietan hasita. Haiek izan dira azkenak. 0,88 eurotan saldu dute arraina. 0,80tik behera ere saldu behar izan dute egunotan portu gehienetan. Erdipurdiko salneurriak.
Berdela bukatu da, eta ez itsasoan "erruz" ez dagoelako, legeak esaten duelako baizik. "Zer egin behar dugu orain?", galdetu du etsi-etsian Bonifazio Aizpurua Stella Maris Berria-ko patroiak. Dagoeneko arrantzontzi batzuk itsasoan dira antxoaren arrastoan. Ez da erraza oraindik topatzea, baina antxoaren kanpaina zabalik da jadanik, eta hura kokatzen hasi behar dute arrantzaleek. Itxura batean oraindik ez dute ezer aurkitu. "Goizegi da", azaldu du Getariako portuan eserita dagoen arrantzale batek. Gau osoa lanean eman du, eta itsasora begira dago. "Lau egun besterik ez dugu egin"; Senegalgo jatorrikoa da. "Ez dut ezer ulertzen". Sardina izan daiteke beste aukera orain; urrutiegi ez badago, akaso merezi die arrantzaleei gasolioa xahutzea helburu horrekin. Orioko Beti Aingeru-n ere bukatu dute berdelarekin, baina gaur ilunabarrean itsasoratzeko prest dago Pedro Migel Uranga patroia.