Lan gatazkak

Bukatu da Bizkaiko gasolindegietako langileen greba, akordiorako oinarria lortuta

Bihar goizeko seietan itzuliko dira lanera, 47 eguneko grebaren ondoren. Aevecar patronalaren ordezkariek eta sindikatuetakoek akordiorako oinarria sinatu dute gaur.

xabier martin
2013ko otsailaren 4a
13:06
Entzun

Joan den abenduaren 20an hasitako greba mugagabea bukatu da Bizkaiko gasolindegietan. Aevecar patronalaren —Repsol, Cepsa, Shell eta beste petrolio alorreko handiak biltzen dituena— proposamena onartu dute langileek;  hura "hitzez hitz" jasoa dagoela ikusita, gaur goizean sinatu dute idatzia. Lan hitzarmenaren oinarria izango da, beraz, gaur goizean adostutako idatzia.

Cebek patronala —erregaien konpainia txikiagoak biltzen dituena— akordiotik kanpo geratu da, lan hitzarmena aplikatzeari uzteko ezintasunaren klausula ez duelako onartu. "Bake soziala nahi dutela diote", esan du ELA sindikatuko Luis Fernandezek, "baina gero ez dute sinatu, lan hitzarmena nahitaez bete beharko dutela ikusi dutelako". Hitzarmena ezartzeari uzteko ezintasun klausulak bidea ixten die enpresei hitzarmena aplikatzeari uzteko, bai alde bakarreko erabaki baten bidez, bai nahitaezko bitartekaritzen bidez.

Patronalak eta langileen ordezkaritza duten bost sindikatuek sinatutako akordioak lau urteko iraupena lukeen lan hitzarmena jasotzen du, 2011-2014 artekoa. Ultraaktibitatea ere azaltzen da, lan erreformak jasotzen duen epetik haratago. Eta soldata igoerak ere bai. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako KPIarekin lotutako soldatak ezarriko lirateke. Horrek esan nahi du %6,6an gaurkotuko liratekeela; %4,14ko atzerapen ordainketak ere egingo lirateke 2012ko urtea ixteko, eta %2,1ekoak 2011koa ixteko.

Bosgarren puntu bat ere jasotzen du, ordea: mugikortasun geografikoa. "Proposamenaren orbana da puntu hori", esan du Fernandezek. Patronalak gorde duen karta gisa ulertzen du sindikatuak mugikortasunaren aldagaia. "Zigortzeko neurri gisa erabiltzeko nahi du patronalak", ELAren ustez, eta haren erabilera "bitarteko guztiekin" jarraituko duela ohartarazi du.

ELAko kidea "pozik" azaldu da 47 egunetan egindako borrokarekin. Onartu du mugikortasun geografikoaren puntua ez dutela gustuko. "Baina, bestela, harro egon gaitezke lortu dugun akordioaz", esan dio kazeta honi.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.