Espainiako zine akademiak Goya sariak nola, Behea saria eman zioten atzo Bilboko burtsari: aktore onenaren saria. Berrindartzen ari zela zirudienean, indartsuaren rola jokatu ostean, bankuek gogor ekin zioten galeren bideari eta sinesgarritasun handiz jokatu zuten egurtuen rola. Ibex-35 indizeak ozta-ozta eutsi zion 8.200 puntuen mailari, eta, hori, %8 pasa galtzen ibili zen Santanderrek %4,52 baino galdu ez zuela. Sabadell (-%1,79), BBVA (-%2,18), Banesto (-%3,99), Popular (-%4,83) nahiz Bankinterrek (-%5,31) bigarren mailako aktore gisa jokatu zuten, baina guztiek lagundu zuten 217 puntuen galeran. 1.696 milioiren salerosketa izan zen atzoko danbatekoaren zuzendari lanean eta gidoian, %7na pasa galdu zuten Gamesa eta Sacyrren egokitzapena da aipatzekoa. Caja Madriden berankortasuna aurten %7ra iritsiko dela entzuteak edo Vegararen hitzak (bankuetan esku hartzeko prest ei da Gobernua) ez ziren musika lasaigarri izanen ehiztarientzat.
Espainiak 10 urterako zorra jaulkitzeko garaian, Mid rate swap adierazlea (Euriborren parekoa) eta %0,8ko interes gehigarria ordaindu behar izan du berriki. Enpresa eta familiei finantzaketa zenbatean garestitu dakieken adierazgarri minimoa.
Italiak 40 mila milioiren laguntza plan publikoa abiatu du, eta Irlandak 8 mila milioi bideratu nahi ditu herrialdeko bi banku nagusien kapitala sendotzera. Funtsen eskaria nabarmen handitu da sektore publikoaren aldetik; pribatuena garestitu ohi du horrek.
BURTSA. Aktore onenaren saria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu