Bankuei tiroka ekin zioten atzo txerritxo ehiztariek. Santanderrek (-%7,07) abiatu kapital hedatzearen ondoren, zalantzak hedatu dira txerritxook eman ditzaketen odolkiez. Bistan da finantza sektoreak berebiziko pisua duela (zuela?) gure indize nagusietan eta, hortaz, BBVA (-%8,95), Popular (-%7,33) edota Bankinterren (-%5,5) jasotako egurrak, ezpal garratza utzi zuen indizeetan, Ibex-35 indizeak 9.000 puntuen maila galtzeraino. 2.438 milioiren salerosketan, Edurnezuri (-%0,33) apain agertu zen 710 milioiren salerosketarekin. Santanderrek 504 eta BBVAk 410 milioiren akzioak mugitu zituzten. Baina bankuen mozkinek, ekonomia errealeko enpresen mozkinen gaineko kezkan ere badute iturria. Alegia, Ferrovial edota FCCk hurrenez hurren %6 edo %5na pasa galtzen badute, txerri argalagoei buruz ari gara, bai txerri hazlearentzat, bai harakinarentzat, bai kontsumitzailearentzat. Tiroak eta aldakortasuna noiznahi, bang bang bank.
Interbrokers. Ausarta behar du Interbrokers bitartekaritza enpresak. Datozen hiru hilabeteetan Ibex-35 indizeak 11.000 puntura iristeko moduko errebotea bizi omen dezake, Luis Benguerel analistaren iritziz. Hala uste badu, inbertsiorako aukera aukeran du.
Irabaziak. Enpresen mozkinak behera. Azken hiruhilekoan %95 gutxiago irabaztearen ondorioz, %3 galdu zuen atzo Starbucks kafetegien akzioak. Kontsumoaren bilakaera ez da ona, ez AEBetan, ez Europan ere; Inditex (-%3,51) arropagilea lekuko.
Iberdrolak. Iberdrolak (+%0,99) 1.000 milioiren inbertsioa burutuko du Portugalen, 1.100 megawatteko gune hidroelektriko baten garapenerako. Alto Tamega hustiatuko duen egitasmoa, 2012-2018 epealdian eraikiko da, Galiziako mugatik gertu.
Repsol. Ahobizarrik gabe esan du Antoni Brufau, Repsol-YPFko (+%0,16) buruak, zergarik gabe, gasolina ura edo Coca Cola baino merkeagoa litzatekela. Petrolioak ez du ordea zeharkalterik eragiten eta gurean, zorionez, ura ez da pribatua.
BURTSA. Bang bank
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu