Lau t'erdiko finalean 21nako berdinketak apustuak pizten dituen gisan, Barack Obamaren ekonomia sendotzeko planak burtsako apustuak biziberritu zituen, New York, Tokio nahiz Bilbon. Errepide, zubi, eraikin publiko eta autogintzaren aldeko apustua, finean, ahal dela, energia kontsumoa murriztuz. Atanon egin ordez, finala Miribillako frontoian egingo balute bezala. Espainian jaieguna izateak ez zuen %6 pasako irabazia eragotzi, eta 9.000 puntuen langa gainetik egin zuen jauzi Ibex-35 indizeak. Inditex, Ferrovial baina, batez ere, Santander bankuaren %10 pasako irabaziek eragin zuten jauzi hori. 2.150 milioiren salerosketarekin, Iberdrolak ere %9,81 irabazi zuen, %6 pasa BBVAk eta %4 pasa Edurnezurik. Dolarrak eta zorra jaulkiz munduko krisiari buelta emateko gai ote da Obama? Gehiegizko konfiantza, alta, ez da komeni. Ikusi besterik ez dago, Aimar zein Irujo, tentu handiz jardun zirela elkarren aukeren gainean...
Frantzia. Bruselak Frantziako bankuak sendotzeko baimena eman dio Sarkozyren gobernuari. 21 mila milioi euro bideratu ahal izango ditu banku osasuntsuen sendotzera baina, batez beste, %8 ordaindu beharko dute funtsen truke eta maileguak ematen segi.
La Caixa. Kataluniako LaCaixa aurrezki kutxak eta Frantziako Societe Generale bankuaren Boursorama filialak Internet bidezko banku bat abiatuko dute, joint venture gisa, Espainiako bezeroentzat. Lehia aldetik ez dio eragozpenik ikusi Bruselak.
BURTSA. Barack 21-Obama 21
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu