Bigarren eguna beherapenetan eta burtsaren beheraldietan. Urtea duela bi egun hasi zela esan daiteke. Profit warning edo mozkin berriak iritsi dira burtsetara (Intel edo Time Warner bezperan, Wal-Mart atzo) eta AEBetako gorria gurera ere kutsatu da. Ingalaterrako Bankuak %1,5era jaitsi ditu interes tasak, eta zenbait analistek esan dute 2008ko minimoak hausteko daudela. Alegia, beherapenekin beheraldiak ere iritsi zaizkigula. HSBCren gomendio txartzearekin batera, %2na galdu zuten Santander eta BBVAk. %5,54 galdu zuen Inditexek eta adreiluaren sektoreak, nola ez, galera gehiago: %2na pasakoak ACS eta Accionan eta %3 pasakoak dibidendua ordaintzera doan FCCren kasuan. Burtsa ez da jaitsi izan soilagatik gero igotzen. Alegia, beherapenetan gauzak ez daudela merke, beherapenetan egote hutsagatik. Eta kanpoan bezala barruan, erosten jakin egin behar da. 2.208 milioiren salerosketa, urtea hasia den erakusgarri.
Madoff. Bere bihotz nimiñoa ere bazuen (badu!) Madoff gaiztaginak: 126 milioiren txekeak lagun, enplegatu eta senideen artean banatzeko prest zituen, atxilotua izan zen unean bertan. Erresuma Batuan ikerketa hasi du fiskaltzak, bertan zituen jardueren gainean.
Commerzbanken laurdena bere eginen du Alemaniako estatuak, Finantza Merkatuen Egonkortasun Funtsetatik 10 mila milioi euro beronen kapitalera bideratu ostean. %10 pasako galerak izan du bankuaren akzioak; bezeroak lasaiago daude, agian.
Intel. Atzo beheraldia iragarri zituen enpresetako bat Intel izan zen. Txipen munduko ekoizle nagusiak iragarri du aurreikusi baino %23 gutxiago irabazi zuela iazko laugarren hiruhilekoan. Lehen kalkuluen arabera, 8.200 milioi dolarreko diru sarrerak izan ditu garai, horretan, 8.700 eta 9.300 artekoak espero zituen arren. Burtsek Intelen beheraldia aintzat hartu zuten eta %6,5 galtzeraino iritsi zen, oraindik Wall Streetako saioa amaitu gabe zegoenean.
BURTSA. Beherapenetan bigarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu