Txerritxo ehiztariek ez dute inor hiltzen, zorionez. Hain eragin larririk ez duen burugabekerian jarduten dira; Wall Streeten baikortasuna azken orduan kutsatu zitzaien gure indizeei eta %0,51eko irabazia utzi Ibex-35ari atzoko egun tristean; horrenbestez, 8.900 puntura gerturatu da. Igoera horretan, Edurnezurik (+%1,14) eta Iberdrolak (+%1,94) izan zuten blue chip-en artean zeresanik gehien; Telecinco (+%5,95) eta Acciona (+%3,95) nabarmendu ziren goitik, eta Bankinter (-%4,11) eta Iberia (-%3,85), aldiz, behetik. EBZren aldetik interes tasen jaitsiera ez den edozer ezuste handia litzateke gaur; jaitsiera %0,5ekoa edo handiagoa izango ote den, horra zalantza. 1.798 milioiren akzioak baino ez ziren atzo salerosi; bi mila milioien langa gainditzen kosta egiten da gaur egun. Dena den, interes tasaren jaitsiera horren mesedea nekez igarriko da jada aurtengo mozkinetan. Txerritxoek 2009 gogor bat dute buruan.
Erresuma Batua. Bi urteko «hipoteka oporrak» agindu dizkie Brown lehen ministroak larri dabiltzan hipotekadunei. Zergapekoen mila milioi libera bideratuko lituzke etxejabeen zorra arintzera. Zapaterok %50eko beherapena proposatu zuen langabeentzat.
ACS. ACSk (-%0,99) Iberdrolan (+%1,94) egun duen %12,6ko partaidetza handitzeko asmoa berretsi du, protagonista rola jokatu nahi baitu Bilboko enpresaren kudeaketan. Fenosan (+%0,35) duen %45,5eko partaidetza ez du trabatzat jotzen.
BURTSA. Burugabekeria nagusi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu