BURTSA. De Juanaren bila

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bada De Juanaren bila tematzen denik, horrek ezeren konponbidea bermatuko balu bezala. Eta bada AEBetako erreskate planean tematzen denik -bart Senatuan bozkatzekoa zen-, berau finantza krisiaren konponbidea balitz lez. Aldiz, pupuaren trapu txiki garesti bat baino ez da izango, izatekotan, Bush-Paulson plana: sakoneko aldaketak, erregulaziotik hasi eta eguneroko jardunera, finantza sistema osoari dagozkio; eta ez soilik AEBetan. The Economist-ek esan du, Bushen plana gorabehera, atzeraldia saihestezina dela AEBetan. Gurean ere hala da, nahiz, atzo, gure indizeko txerriak Senatuaren ezkur ametsaren esperantzarekin bizi. Adituek ez dute EBZren mugimendurik espero, baina badu garaia, Euriborra %5,50ean baitago jada. 3.158 milioiren salerosketarekin, %1,77 irabazi zuen atzo Ibex-35 indizeak: %3,9 irabazi zuen Santander erraldoiak eta %2na pasa Edurnezuri, Iberdrola eta BBVA blue chip-ek. Sacyrrek %13,03 irabazi zuen.



Inbertsio funtsak. Inbertsio funtsen industria gorriak ikusten ari da finantza krisia medio. Lehenagotik, Espainiako ogasunaren azken erreforma fiskalean, gordailuekiko zuten abantaila galdu zuten, hein handi batean. Orain, gordailu eskaintza on-onak ugaritu egin dira eta irailean 4.000 milioi euroren funts garbiak erretiratu dituzte Espainiako inbertsiogileek; gainera, abuztuan baino 149.000 lagun gutxiagok dituzte funtsak. Urrutiko intxaurrak, hamalau edo lau diren jakiteaz aparte, zinez intxaurrak direla ziurtatzeko garaia dela pentsatuko zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.