Realak igandeko derbia erbi lotan eman ondoren irabazi bazuen, Bilbao-2000 indizeak ere antzera egin zuen atzo bere buruarekin. Gaizki hasi eta, bigarren zatian, dezente hobetu. Indizea ez zen ordea garaipenera heldu. Azken bultzada petrolioaren merkatzeak eman zion arren, zenbaki gorriak izan ziren nagusi, aldaketa txikiak izan arren. Bundesbankek Alemaniako ekonomia gehiago moteltzea espero du. Egonkortasun eta Hazkunde Plana betetzeko zailtasunak izango lituzke berriz. Hala ere, euroak sendo eutsi zion dolarrarekiko kanbio tasari. Mugimenduak enpresa txikienetan izan ziren: ACS, Iberia eta REE %1na pasa jaitsi ziren eta Gamesak %1,45 irabazi zuen. Blue chip-etan gehien mugitu zena ere, Endesa (-%0,67) ez zen askorik mugitu. Athleticen beraren derbiko joerak kutsatuta edo, erdi lo eman zuten eguna akzio garrantzitsuenek.
-Teknotxerritxoen burbuila lehertu, bizpahiru urtez doikuntza latzak aurrera atera eta, itxura batean, telekomunikabide enpresak gizentzen ari dira berriro ere. Cinco Dias egunkariaren arabera, Europako teleko nagusiek 23.500 milioi euro banatuko dituzte aurten euren akziodunen artean. Inbertsio berrien izenean jabeei ordainketak eten zizkieten garaiak ahaztu eta dibidendua berpiztu dela dirudi. Baita Edurnezurik (+%0,08) ere.
BURTSA. Derbia erbi lotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu