BURTSA. Dorre boskien amiltzea

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Goldman Sachs, Merrill Lynch, JP Morgan, Lehman Brothers eta Bear Stearns. Horiek ziren, oraintsu arte, finantzen munduko hiriburuko inbertsio banku loriatsu eta entzutetsuenak. Banku boskiak, New York, Londres nahiz Hong Kongen euren dorre luze sendo harroak eraikitakoak. Inbertsio bankan nagusi ziren erabat, finantza zerbitzu sofistikatuenak eskaintzen zituzten: burtsaratzeak, bat-egiteak, maileguak pilatuz tituluak jaulkitzea, arrisku exotikoenetatik babesteko eratorririk konplexuenak... Beste inork egiten ez zekizkien hainbat gauza egiten zituzten, eta beste inork baino hobeto egiten zituzten beste hainbat. Itzal handiko bankuak dira, oso goian izan dira. Eta goregi jo dutela dirudi.

New Yorkek Dorre Bikien aurkako erasoa jaso zuenetik zazpi urte doi bete direnean, banku boskien arteko bi eta erdirenak egin du jada. Subprime hipoteken izenean abiatutako ekintzak, aurtengo martxoan, Bear Stearns lehertu zuen. Amiltzera zihoala Erreserba Federalak laguntza eman zion arren (erabat ezohikoa den eta, behar duen, erabaki eztabaidagarrian), JP Morganen esku gelditu zen azkenean, 236 milioi dolarreko kopuru irrigarrian. Hilabete batzuk lehenago, hori baino ehun bider gehiago aise balio zuen banku boskietan txikienak ere.

Istripu itxura har zekiokeen; Goldman Sachs, esaterako, subprime-en amiltzetik sendotu egin da; mozkin historikoak lortu ditu. Baina Lehman Brothersen porrotak, bigarren dorrearen amiltzeak, beraz, gainontzekoen zimentarriez zalantzak barreiatu ditu. Erasoaren krudeltasuna agerian utzi du. Hasteko, Merrill Lynchek amore eman du, eta Bank of Americak (BofA) eros dezan onartu du. 50.000 milioi dolar aterabide duinagoa izan dira. Banka arruntagoa ere egiten du BofAk, eta inbertsio bankan sendotuko da, klub itxia zirudienean tokia lortuz.

Orain, zutik dirauten dorreekin zer gertatuko den ikusi behar. Erortzen uzteko handiegiak ote ziren susmoak («Too big to fail» sonatua) ezabatuak gelditu dira. Dorre handi oro amil daiteke, banku entzutetsu oro berdin; Erreserba Federalak mezua argi helarazi du. Zergapekoek ez baizik eta akziodunek ordain dezatela.

Dorre Bikien kasuan, inguruko hainbat eraikin eraitsi behar izan zituzten, zehar kalte gisa. Finantza sektoreak horixe du orain arrisku nagusi. Finantza hondakin lar pilatu da, eta zero gunean hautsa, zarata, ikara eta urduritasuna bistakoak dira. Kalteak ozeanoez haratago heda daitezke, eta inbertsio bankuez haratago ere bai. Atzoko burtsa indizeak lekuko. Kolpe handienak bankuek hartu dute, noski: Commerzbankek, Credit Agricolek eta Societe Generalek %9tik gora utzi dute, %6,9 Santanderrek eta %6,8 BBVAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.