Datu makroekonomikoen Ligari jaramonik egin gabe joan zen atzoko eguna. Enpresa jakin batzuen mozkin berrietan ikusi dute Bilbo aldeko inbertsiogileek Athleticek Errege Kopan ikusi duena. Arreta ia guztia bereganatu zuten Japonian Citigroup bankuak ezkutuko kapitalen kudeaketagatik (zerga iruzurra, beraz) dituen arazoek; Kodak taldearen aurtengo lehen hiruhileko 108 milioi euroren galerek edota Prisa (+%1,18) komunikabide taldeak irabazitako 29 milioiek (iaz baino %70 gehiago). Ekaitzaren osteko barealdia iritsi zen atzo eta eguna zenbaki beltzez jantzi zen, Ibex-35 indizeak 9.100ekoari golik sartu ez zion arren. Salerosketa ere 1.380 milioi euroren bueltan mugitu zen, ohi baino baxuagoa beraz. Baina esperantza badute, bai itsasoak, bai Athleticek, bai txerritxo ehiztariek ere. Azken hauek, baina, zeharka bada ere, AEBetara begiratzen jarraitu beharko dute.
-Telefonican (+%1,22) duena salbu, gainontzeko burtsako enpresetan dituen partaidetzak saltzeko prest agertu da BBVAko (+%0,91) buru Francisco Gonzalez. Baita Italiako BNL bankuaren Erosteko Eskaintza Publikoan (EEP) kapitalaren %50 ez lortuz gero, bertan jarraitzeko ere. Abenduan BBVAri EEP erasokorra egin zion Sacyr Vallehermosok (+%0,76) Sufi ingurumen zerbitzuen enpresa bereganatu du, 142 milioiren truke.
BURTSA. Esperantza Errege Kopan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu