Berdinketa futbolari eta Jaurlaritzaren artean gizonezkoen futbol selekzioaren gaian eta ia berdinketa (%0,66ko igoeratxoa) Ibex-35 indizean. Bi akziok hasitako tokian laga zuten baloia; Cintrak eta Sacyrrek. Galerarik apenas: zortzi akzio soilik jaitsi ziren, gehien irudi eskubide eta iragarkien espezialista Telecinco(-%1,87) telebistak eta Inditex (-%0,83) arropagileak. Garaipena, AEBen datu makroekonomikoen harira, akzio txikienen erasoaldientzat: Iberia (+%5,41) gorri horia, Bolsas y Mercados Españoles (+%3,41) eta Pizarrok nola hala espainiar mantendu nahi zuen Endesarena (+%3,15). Egoitza gurean (izenaz eta izanaz kalakak beste baterako) duten akzioak ere ongi: Iberdrolak (+%2,69), BBVAk (+%1,28) eta Gamesak (+%0,75) txerritxo ehiztarien txaloak jaso zituzten. 2.504 milioiren salerosketa izan zen eta 2008 amaitzear den honetan, bistan da datorren urtea nekez izango dela hau bezain kaskarra... burtsari dagokionez ere.
Alemania. Krimen antolatuak Alemania iparraldean burtsako kotizazioak manipulatzeko talde bat ote zuen ikertzen ari da hango Polizia. Txerritxo ehiztariak benetako eskopetak izango lituzke berri horren arabera, baina ez dira bakarrak. Madoff lekuko.
EBZ. Dirua EBZri egun baterako maileguz ematen dioten bankuei %1,5eko interesa baino ez die ordainduko Trichet buru duen bankuak. Atzo jakinarazi zuen neurria, bankuen arteko maileguak sustatu, Euriborra merkatu eta dirua mugiarazteko.
BURTSA. Euskadi 0 - Euskal Herria 0
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu