BURTSA. Gastroenteritis arina?

Joseba Barandiaran Andueza.
2005eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Astelehenean makal, hiru egunez jarraian beherakoarekin, eta ostiralean erdi osatu da Ibex-35a. Astea 215 puntu gutxiagorekin amaitu du eta, galdera da, petrolio garestiak eragindako gastroenteritis arin bat baino ez duen izan. Atzo 1.485 milioiren akzioak baino ez ziren mugitu; zenbaki gorriak saihestu zituzten, bederen, gure indize nagusiek. Ez zen oso egun ona izan, digestioari dagokionez: hiru blue chipek izan zituzten galerak (Edurnezurik eta Euskal Herrian egoitza duten BBVA eta Iberdrolak), nahiz eta %0,4 baino txikiagoak. Endesa eta Repsol-YPFk, berriz, %0,4na pasa irabazi zuten. Santander bankuak (+%0,32) eman zizkion Ibex-35 indizeari beste inork baino puntu gehiago (4,9) eta indizeak lortutako erdiak. Arcelor (+%2,54) eta TPI ipotxa (-%2,56) nabarmendu ziren, baina bakoitza hesteen mutur banatan. Txakalaldiaz dauden zalantzak, laster joango dira argitzen.

-Deutsche Bank (+%0,58) bankuak 240 milioi euro (325 milioi dolar inguru) ordainduko dizkie, Worldcom enpresaren porrotean informazio okerra emateagatik auzipetu nahi dutenei, auzia bertan behera utz dezaten. Hala ere, bere errugabetasuna berresten du Alemaniako bankuak, baina auzibidea saihestu nahi omen du. Leporatuko al diogu Austria Vienak Athletic UEFAtik kanporatu izana? 240 milioi hain erraz oparitu baditu...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.