Eskerrak AC/DCren kontzerturako sarrera erosleen ilara sortu zen atzo. Burtsan bederen ez zen erosle ilararik izan, ezta hurrik eman ere. Girotxoa, egotekotan, BEC inguruan egon zen, ez Olabarri kalean. Bi mila milioiz azpitik gelditu zen Ibex-35 indizeko akzioen salerosketa, eta Santander (+%6,2) bankuak eman zion erritmo biziena saioari, lautik bosterako kapital hedatzea erritmo onean egin ostean. AEBetan Thanksgiving edo eskerrak emateko eguna ospatzeak berez apaltzen ditu akzio azoketako mugimenduak. Tecnicas Reunidas (+%7,66), Ferrovial (+%5,92) eta Accionak ere (+%4,63) txin-txin doinu gogorrak plazaratu zituzten. 35 akzioen tropelean seik baino ez zuten gorrira jo, Indra (-%2,65) buru zutela. Euriborra %4 baino beherako kokatu den honetan, AEBen 10 urterako zorra %3az azpitik da, 50 urtean lehen aldiz. AC/DCrenak lez, krisi hotsak, historikoak dira eta Arcelor Mittalek (+%5,76) kaleratu nahi dituen langileekin, 9.000, BEC bete liteke ia.
Negrita. Sabadell (+%0,2) bankuak bere esku dituen 24 milioi akzio amortizatuko ditu, bankuaren kapital osoaren %1,962. 122 milioi balio duten akzioak deuseztatzea, egungo akziodunei kostu fiskalik ez duen ordaina egiteko modu bat da, akzioko mozkina eta, beraz, akzio bakoitzaren balioa handitzen baitu. Iazko martxoan 8,5 euro inguruan zen akzioak, 5,09an itxi zuen atzo eguna. Kataluniako banku nagusia ez da salbuespena finantza sektorean: egur handia jaso du azken hilabeteetan. Espainiako Gallego bankuak, esaterako, 70 milioiren kapital hedatzea erabaki du.
BURTSA. Giroa AC/DCri esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu