BURTSA. Hamaika telebista zale

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Telebistako foiletoi batek adinako arreta erakarri du azken aldian burtsak. Pista, uste, eraso, danbateko eta susmagarriak ugaldu egin dira, aldakortasunaren erreinuan. Eskerrak bederen KPI ere beherantz doan. Bilbon Hamaika telebista abiatzear dagoen honetan, hamaika burtsa zale telebistari begira bezala daude: duela astebete kapitalik behar ez zuen Santander (-%7,61) susmopean jarri du abiatu berri duen kapital hedatzeak. Eta protagonista nagusi den erraldoia amatatzen bada, burtsa telebista ez dabil ongi, hamaika bider azaldu dugunez; bere lagun Edurnezuri (-%1,02) ere, zurbil agertu zen eta 2.598 milioiren salerosketarekin, Wall Street gorritzeak kalte egin zien indizeei. %3,51eko galerarekin kutsatu zen BBVA eta Tecnicas Reunidasek ere %6 pasa galdu zuen. Beste aldean, %8 irabazita, Mapfre nabarmendu zen izar gisa baina Ibex-35ek ia %3 galdu zuen. Drama kutsua du, tarteka, erreskate planen musika bandarekin.



Sacyrrek (+%5,3) bere esku duen Repsol-YPFren (+%0,14) %20 erosteko interesa agertu du Gazprom energia enpresa erraldoiak, Errusiako Zhukov presidenteordearen ahotik. E.On-ek Endesan (-%4,58) izan zituen trabak ikusita, ordea, auskalo.



Erreskate planetan sartzen diren bankuek dibidenduak ez ordaintzea nahi du Erreserba Federalak, logikoa denez. Paulsonek, aldiz, likidotasun eskaseneko aktiboak (toxiko deituak) erosteko ideia baztertu du. Nork aipatu du nora eza?



Irabaziak. Enpresen mozkinak behera. Azken hiruhilekoan %95 gutxiago irabaztearen ondorioz, %3 galdu zuen atzo Starbucks kafetegien akzioak. Kontsumoaren bilakaera ez da ona, ez AEBetan, ez Europan ere; Inditex (-%3,51) arropagilea lekuko.



Iberdrolak. Iberdrolak (+%0,99) 1.000 milioiren inbertsioa burutuko du Portugalen, 1.100 megawatteko gune hidroelektriko baten garapenerako. Alto Tamega hustiatuko duen egitasmoa, 2012-2018 epealdian eraikiko da, Galiziako mugatik gertu.



Repsol. Ahobizarrik gabe esan du Antoni Brufau, Repsol-YPFko (+%0,16) buruak, zergarik gabe, gasolina ura edo Coca Cola baino merkeagoa litzatekela. Petrolioak ez du ordea zeharkalterik eragiten eta gurean, zorionez, ura ez da pribatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.