EAEko alderdi politikoak martxoko hauteskundeetarako nola, txerritxo ehiztarien 2009ko kanpaina hasi da. Urte osoa iraungo du noski, baina 2008 gorriaren amaierak on egin die gure indizeei. Funts kudeatzaileek ere urte amaierako argazkia atera bezain pronto lerratu dira norbere lehentasun eta aurrikuspenen arabera. Aupada handi samarra izan zuten atzo burtsek, aparteko berri makroekonomikorik gabe, iazkoa txartzea ezinezko izango delako ustean. Wall Streeten Citigroup eta General Motorsek gidatu zuten kanpaina hasiera; gurean, Ibex-35 %3,16ko igoerarekin hasi zen, eta Gamesa (+%8,87), Tecnicas Reunidas (+%6,41) eta %5na pasa irabazitako Inditex, Criteria, Repsol-YPF eta Sacyr izan ziren hautagai txalotuenak. Partaidetza apalarekin izan zen arren -salerosketa bolumena 1.022 miloira baino ez zen iritsi-, blue chip-ek aurkeztu zuten programarik sendoena: Edurnezurik %2,97 irabazi zuen; Santanderrek, %3,11; eta BBVAk, %4,39.
Madoff auzian bi mila milioiren galerak izan ditzakete Austriako Bank Medici banku pribatuaren bi inbertsio funtsek. Galera horien ondorioz bezeroek izan dezaketen erreakzioaren beldur, bankuaren gaineko kontrola bereganatu du Austriako banka ikuskaritza agintaritzak. Medici bankuaren %25, Unicrediten (+%6,02) filiala den Bank Austriarena da. Hala ere, egun ona izan zen burtsan Euroguneko banku nagusientzat: Fortis (+%9,91), BNP Paribas (+%8,1), Credit Agricole (+%7,1), Deutsche Bank (+%4,11) eta ING (+%3,68) horren lekuko.
Gamesa (+%8,87) izan zen iaz euskal enpresa handien artean balio gehien galdu zuena (-%58). Urtea ongi hasi du, ordea.
BURTSA. Hasi da kanpaina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu