BURTSA. Hi gor; zigor; gorriz

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hi, Trichet, gor agertu hatzaie interes tasen jaitsierak eskatzen dituztenen ahotsei», pentsatu zuen Nicolas Sarkozyk bart. Eurogunean BPGren aurrikuspenak beherantz doaz, KPIrenak gorantz; eta herritar arrunta zigortzen du horrek, akzio azoka gorritzen. Ibex-35 indizean (-%3,11) Tecnicas Reunidas (+%0,49) eta Fenosa (+%0,17) ez beste guztiek jo zuten gorritik: %5na pasa galdu zuten FCC edota Cintra bezalako eraikuntza enpresek, %4na pasa galdu zuten Banesto edo Popular bezalako banku ertainek; eta %3na pasa galdu zuten bi banku handiek; ahobatekotasunez gorritu zen atzo burtsa. Horri AEBetako petrolio erreserben uste gabeko gutxitzea gehituta, ulertzekoa da atzoko zigor latza. Salerosketa, nolanahi den, ez zen 3 mila milioiren langara iritsi. Iraileko aldapa bere pendiza erakusten ari da, pixkanaka. Krisia, hala ere, ez da finantza aldetik konponduko; ekonomia erreala, inbertsioak eta produktibitatea izango ditu gako nagusi.



Arcelor Mittal. Apurtxo bat euskaldunagoa da Arcelor Mittal (-%3,75) atzodanik. Lehengo ekoizpen guneez gain, altzairuaren zentro teknologikoa Bizkaian kokatuko du Indiako Mittal familiak zuzentzen duen altzairugileak. Lanpostu gutxi, baina onak.



FCC. FCCk (-%5,01) 140 milioi bideratu ditu Espainiako Kordoban eguzki energia ekoizten duten parke bi erostera. Espainiako Gobernua energia mota horrek dituen gainsariak kentzea aztertzen ari denez, merkatuak zalantzak agertu ditu eragiketaren gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.