Lan itzela eginez 7.348. zenbakia eman zion Gotzon Garatek «Ipurdia gorago, burua beherago» atsotitzari. Esaera zaharrek balio dute, oraindik ere, egoera berrietarako. V irauli baten gisako mugimendua egin zuten atzo akzio azokek; goizean danbateko handia, eguerdian interes tasen jaitsiera koordinatuarekin igoera eta, azken aldera, danbateko berri bat. Ipurdiz gora irauli ziren indizeak, burua galdu beharrean, Garateren heriotz egunean. Beldurra gehiegizkoa ote? Heriotzari, porrotari beldur itzela diote akzioek, txerritxo ehiztariek. Dena den, gorantz zein beherantz, neurrigabeko aldaketak gertatzen dira, Moskun bezala, akzio azoka itxi behar izateraino. Olabarri kalean ETBren unitate mugikorrak toki finkoa lortuko du martxa honetan, baina Dow Jones baretu egin zen orduak pasa ahala. Beranduegi gure indizeentzat: ordurako %5 pasako danbatekoa gertatua baizen. 5.370 milioiren salerosketa eta %5na pasako galerak bi banku handienetan.
Petrolioa 81 dolarrean, urrea zeruan eta interes tasak beherantz. Ingurumari berri honetan, banku arteko merkatua berpiztea espero daiteke. Erresuma Batuak bankuak erreskatatzea hobetsi badu ere, Bush-Paulsonen gisako plana eraginkorragoa izan liteke Espainian eta, bidenabar, Hego Euskal Herrian. Dena den, finantza krisiaz haratago, krisi erreala dago. Egongaiztasunak maila guztietan eragin dezake. Urrutira gabe, azken urtean, Iberdrolaren (-%6,93) akzioak 12 eta 6 euroko prezioak ezagutu ditu. Argindar enpresa izanda.
BURTSA. Ipurdia gorago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu