BURTSA. Iraileko aldatsa

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Prezioek edo langabeziak bezala, burtsak iraileko malda bizi du. Zalantza da gorantz edo beherantz joko ote duten. Ondorio azkarrik ezin atera, salerosketa 2.431 milioitik pasatzen ez den bitartean. Ziurtasun gutxi, zuhurtzia nagusi iraileko aldatzean. EBZren gaurko bileran interes tasaren aldaketarik balego, ezusteko handia litzateke finantza merkatuentzat; berdin igoera nahiz jaitsiera egingo balu. Nolabaiteko egonkortasun ezegonkor giro horretan, Edurnezurik (+%0,46) eta bi banku handiek (+%0,08 bai BBVAk, bai Santanderrek) eutsi zioten atzo Ibex-35 indizearen berezko jaitsierari: Tecnicas Reunidas (-%6,39), Inditex (-%3,29) edo Gamesaren (-%3,18) galeretara iritsi gabe, Abengoa, Banesto, Gas Natural edota Iberdrolak berak, %1na pasako galerak izan zituzten. Nolanahi den, euroa dolarrarekiko pittin bat ahultzeak mesede egingo die eurogunetik at negozioak dituzten hainbati; tropeleko gehienei, alegia.



Almirall (-%42) laborategien akzioak sekulako danbatekoa jaso zuen atzo, bere balioaren ia erdia galtzeraino. Aklidinio bromuro botikarekin egindako frogetan, emaitza estatistikoak ez dira uste bezain esanguratsuak izan. Zeltia (-%5,2) ere kutsatu zuen berriak.



Colonial (-%7,89) ataka larrian dago; akzioko 0,35 euro balio du eta akziotan bihurgarria litzatekeen zorra jaulkitzea aztertzen ari da, estrategikoak ez diren aktiboen salmentarekin. San Martin usaina du txerritxoak, inork arriskatu eta odolkiak nahi balitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.