BURTSA. Izenaz eta izanaz

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Izenak ez du izana bermatuko, baina badu bere garrantzia, Euskadi vs Euskal Herria aferak erakutsi duenez. Burtsa, akzio azoka bada, salerosketen zenbatekoak eta erraztasunak garrantzia dute. Eguneko bi mila milioiren bueltara etorrita dago Ibex-35 indizea, azken danbatekoen ostean. Hiru mila milioitik gorako egunak, joanak dira. Atzo, aurreko egunetako joera eten eta %1 pasa irabazi zuen gure indize nagusiek, Santander (+%4,42) eta Telefonicaren (+%1,59) eskutik. Blue chip erraldoiak zerbaitegatik dira eta, futbolaririk gabe futbolik ez dagoen bezala, 625 eta 420 milioiren akzioak mugitu zituzten, hurrenez hurren. Bien artean, guztira mugitu ziren 2.055 milioiren erdia baino gehiago. Kartak gora begira eta bakoitzaren ahalak mahai gainean. Europa nahiz AEBetako gobernuek atzeraldia bertan dute, eta enpresak euren mozkinak mantentzeko borrokan ari dira. Hazkunde garaia joan zen, baina krisiak, txineraz eta bestela ere, aukerak dira.



Wal-Mart. AEBetako Wal-Mart banatzaile erraldoiak mozkinak %9 handitu ditu baina aurreikuspenak murriztuz. Profit warning garaia bizi dugu, mozkin berriak txartzen ari dira. Dow Jones ia %4 galtzen jarri zen eta, berbarako, Googleren akzioa 300 dolarretik behera da, hiru urtean lehen aldiz. Petrolioak, ordea, 50 dolarrerantz egin du, azken 22 hilabeteotako mailarik apalena; hala ere %15 gehiago irabazi du Repsol-YPFk (+%1,26) eta beronen %20 Errusiako Gazpromen esku gelditzeko aukeraz, «espainiar, independente eta pribatu» jarraitzeko asmoa agertu du Brufauk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.