La Manzaneda mendatean gora, airerik gabe hilotz gelditu zen Galletti txirrindulari italiarra. Burtsa indizeek ere izaten dituzte airerik gabe gelditzen diren uneak. Ondorio hain lazgarriak izan ez arren, arratsaldeko hiruretan 9.640 puntutan zen Ibex-35 indizea airerik gabe gelditu zen: 9.560raino ia jauzi librean jaitsi zen, minutu gutxian. AEBetako KPIren datuaz gain (behera egin du, energiaren kostua lagun), atzerritarrek dolarretan dituzten finantza aktiboen datua ezagutu zen une horretan. Uste baino datu txikiagoa izan zen; dolarraren ekonomiaren egitura arazoak gogoraraziz, nolabait. Datuak airerik gabe utzi zituen burtsa indizeak. Salerosketa polita izan zen, 2.436 milioiren akzioak eskuzaldatu baitziren. Metrovacesa (-%5,71), FCC (-%2,95) eta Acciona (-%1,96) izan ziren oxigeno gutxien izan zuten akzioak. Zinezko dolua, ordea, La Manzanedan gelditu zen.
-FRANTZIAKO Gecina bereganatzeak akzioaren gorakada eragina zion aurten bertan; kapital soziala mila milioi eurotan handitu beharrak, ordea, gogor jo zuen Metrovacesa higiezinen enpresaren akzioa.
-SERBIAKO Koteksprodukten %67 eskuratzeko eskaintza egin du Nafarroako Viscofan (-%1,35) bildukingileak, 3,9 milioi eurotan. Koko markarekin lehiatzen da egun Serbiako enpresa bildukinen merkatuan.
BURTSA. La Manzanedako dolua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu