BURTSA. Martiri erreleboa

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Santa Agatak hartu zuen, atzo, burtsan dagoen martiri rolaren txanda. Wall Street izan zen miraria eragin zuena, arratsaldeko laurak aldera berpiztu baitzuen, ordura arte burumakur eta minez zebilen Ibex-35 (+%1,6) kopla ederrak kantatzen hasi baitzen. Panasonic elektronika enpresak 4 mila milioi dolarreko galerak jakinarazi arren, eta langabeziak AEBetan gora egin arren, Obamalandian industri zerbitzuen atzeraldia moteldu izanak lagundu egin zuen. Pozak gutxi iraun zuen Wall kale estuan, baina Olabarrik pertsiana jaitsia zuen ordurako. Salerosketa bolumena ez zen handiegia izan, 1.800 milioirena, horietan 427 Telefonicaren akzioetan eta 399 Santanderrenetan. Edurnezurik %1,77 irabazi zuen, eta 14,4 euroan da; bi banku handiek %2na pasa irabazi zuten, eta txerritxo ehiztariek aurreko egunetan egur askotxo jaso dutenekin jardun zuten: %7,01 irabazi zuen Mapfrek eta %6,66 OHLk eta %4na pasa Sacyr eta Acerinoxek.



Iberdrolak. GDF Suez (+%1,5) eta Iberdrola (-%1,15) energia enpresek akordioa lortu dute; elkarrekin arituko dira Erresuma Batuko egitasmo nuklearrak lortzeko lehian. Horrenbestez, Iberdrolaren filiala den Scottish Power eta SSEren arteko akordioan sartuko da GDF Suez. Talde honek, EDF (+%0,25) eta E.On (+%1,8) buru dituzten beste bi talderen konkurrentzia izango du. Atzo Europako buru egin zuen CAC-40 (+%2,9) indizean, ordea, koplarik alaienak energia sektoretik at kantatu ziren: Arcelor (+%10,16), Saint Gobain (+%9,31) eta Vallourec (+%8,29) lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.