BURTSA. OK baino gehiago, oka

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Burtsa ez dago bere betean. OK baino gehiago, oka egitear da; betekadak bizi du. Interes tasen jaitsiera lasaigarri gertatu arren, kostuen aldetik baino eskariaren aldetik dator kezka. Zorrez gainezka egitear dira familiak eta enpresak. Abenduko hipoteken merkatzea urteetako handiena izan arren, berankortasuna nabarmen handitzea espero da, eta, Deutsche Banken (+%5,04) ustez, %2,6 txikituko da Espainiaren BPGa 2009an. Bi banku handienak %1,5na pasako galeretan kokatu zituen horrek. Mugimendu handienak akzio txikietan izan ziren, halere, %5na pasa galdu baizuten Sacyr eta Cintrak eta %4 pasa Abengoak; Repsol (+%0,82) irentsi nahi izanaren betekadak kalte egiten dio Sacyr-i, eta Cintrari, aldiz, Ferrovialen (-%2,64) goseak. 929 milioiren salerosketa baino izan ez zenez, oso kontuan hartu ezin diren emaitzak dira atzokoak: Ibex-35 indizeak 9.000 puntuen langa gorde zuen, ordea, 1.560rena Bilbao-2000k. Tokitan dira urte hasierako 2.500 puntuak.



Edurnezuriren (-%0,82) zorra, eurotan, 528 milioi txikitu da atzerriko dibisen depreziazioaren ondorioz. Berri ona edo txarra den, ikuskizun: atzerriko diru sarrerek ere (Erresuma Batu eta Ameriketakoak) euro gutxiago balio baitute.



Dow Chemical AEBetako enpresa kimikoak %20 inguruko galerak izan zituen atzo, Kuwaiteko agintaritzak berarekin zuen 17 milioi dolarreko joint ventura bat hautsi duela zabaldu ostean. Rohm & Haas erosteko zailtasunak handituko dizkio horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.