Keari OK edo adostasuna ematea dakar koke plantarekikoak. Burtsan legez, isurien eta osasunaren alde txarra du; enplegu eta jardueraren alde ona. Atzo burtsan alde onak nabarmendu ziren, %3 pasa irabazi baizuten gure indize nagusiek: Accionak %9,99 edo Grifolsek %8,77 irabaztea gauza bat da; baina Santanderrek %5,42 eta BBVAk %4,53 irabazteak, tximiniko keak irabazien aldera jotzea dakar. Isuririk ere izan zen ordea: %4,95 galdu zuen Ferrovialek eta %1,59 Mapfrek. Salerosketa, ordea, oso baxua izan zen: 2.415 milioirena baino ez ohiko merkatuan. Espainiako BPGk azken 15 urtean lehen aldiz behera egin duen honetan, erregaia, petrolioa eta inflazioa beherantz doaz eta zenbait bankuk (Barclays azkena) kapitala hedatzeari ekin diote. Epe luzean burtsaren osasuna nolakoa den ikuskizun dago; oraingoz CNMVk salatu du Popularren (+%6,32) kotizazioa lausotzen duten espekulazio keak somatu dituela. Kutsakorrak diren, ikuskizun.
Aldakortasuna.Azken egunotan igoerak izan diren arren, burtsek ezin izan dute urri eskasa itxuratu: %17 galdu dute gure indize nagusiek hilabetean. Aldakortasuna oso handia izan da, ordea, txikizkarien urduritasun eta kalterako.
Adolfo Dominguez. Adolfo Dominguez (+%1,72) arropa diseinatzaile eta saltzaileak iaz baino %77 gutxiago irabazi du aurten, bere lehen seihileko fiskalean. 2,6 milioiko mozkin garbia lortu du, salmentak %1,3 jaistearen ondorioz.
BURTSA. 'Ok ke' edo koke planta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu