Ikatza nahiz opariak Olentzero amerikarrak ekarri ohi ditu burtsan. AEBetako BPG %0,5 txikitu zen urteko hirugarren hiruhilekoan, baina, hala ere, kontsumitzaileen konfiantzak pittin bat gora egin duela jakin zen atzo. Ortzian argi izpiren bat ikusita edo, bertako Altxorrak 1.600 milioi bideratu ditu CIT Group finantza erakundearen erreskaterako; bere balantzea BBVArena halako bi da. Familia bakarreko etxebizitzen salmenta %2,9 jaitsi da AEBetan eta Eguberrian berri on gutxi, salerosketa eskasarekin batean. Urtea amaitzeko bi saio falta direla, %0,33 galdu zuen Ibex-35 indizeak, eta 913 milioiren salerosketarekin, bistan da burtsako danbolinari nork eragin falta dela. Pipa hortzetan, eserita, lasai demonio ibili ziren txerritxo ehiztariak, Cintra (-%7,04), Criteria (-%4,1) eta Repsol-YPFren (-%1,95) salbuespenak salbuespen. BBVA (=) eta Santander (+%0,3) bertangoxo gelditu ziren; Edurnezuri (-%0,5) ikatzago.
Standard&Poors. General Motors, Ford eta Chrysler autogileek hondoa jotzeko aukera altu ikusten du, oraindik ere, Standard&Poors rating etxeak, eta azken horri CC kalifikazioa eman dio, kaudimen onena AAA eta porrota D batekin adierazten den eskalan. AEBetako gobernuaren maileguak nahikoa izango ez direla uste du S&Pk. Konparazio batera, Lehman Brothers bankuak irailean porrot egin zuenean AA kalifikazioa aitortzen zioten rating etxe horrek nahiz besteek. Burtsan itzelezko aldakortasuna dute orain autogileon akzioek, ia ez baitute deus balio.
BURTSA. Olentzero amerikarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu