Sitsak tematzen direnean, edozer jan dezakete. Baita bankurik sendoena ere. Espekulazioak eta subprime-ren konbinazioak, sitsa eragin du eta finantza sistema sits temak jango du. Bankuen nazionalizazioak, Erresuma Batuan, Belgikan, Islandian nahiz AEBetan; presakako bat-egiteak Wachovia eta Citigroupen artean. Finantza erakundeen akzioak gain behera nonahi: %4na pasa galdu zuten banku handiek, Banesto nahiz Bankinterrek; %5 pasa Popularrek. Areago: %10na pasa galdu zuten Acciona, Tecnicas Reunidas eta Sacyrrek; %11,17 Renovablesek. Nola eta nork geldituko du ihes hau? Sitsa administrazio kontseiluetako gorbatetara iritsi da, AEBetako Paulson planak plan eta erreskateak erreskate. Mundu osoko burtsa indizeen jaitsiera orokorrena izan zen atzokoa; Ibex-35 indizeak 3.245 milioiren akzioak salerosi ziren eta txerritxo ehiztariek tiroa nori bota asmatu ezinda daude. Trichetek interes tasak jaits ditzake aste honetan. Eta sitsa temoso.
Banku zentralek nahikoa lan dute epe laburreko interes tasak lasaitzen. Erreserba Federalak Term Auction Facility izenekoa 630 mila milioi dolarretara handitu du, bankuek elkarri dolarrak laga nahi ez dizkiotenez, bere bidez eskuratu ditzaten. Japonia nahiz Europako bankuek ere eskertuko dute, baina EBZren enkanteak bezala, oso epe laburretarako maileguak baino ez dira. Konfiantza berreraikitzeko, inondik ere, ez dira nahikoak. Warren Buffetek aipatu finantza sistemaren nazionalizazioak ez du txantxa itxurarik.
BURTSA. Sits temak janda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu