Finantzen mundua hondoratu aurretik, Capitol Hill-en SOS deiak entzungo dituzten ustea zegoen. Milioika dolar eta langile lar dira popatik bidaltzeko; Paulson patroi duela, AEBetako zergapekoa arraun egiteko prest da. Edo hori aurrikusiz, SOStengua, alegia, gorantz jo zuten atzo akzio azoketako indizeek. Bandera geurea da, kasu honetan, gorria ez, berde edo beltza (ekranaren arabera). Bernankek interes tasekin ziaboga egiteko prestutasuna handitu du, jaitsieren aldera noski. Pentsatzekoa da Trichetek ere busti beharko duela, uneren batean. 3.101 milioiren salerosketarekin, bi banku handienek eta Edurnezurik %3na pasako igoerarekin profitatu zuten aldeko olatua. GPS hori gabe, Acciona (-%1,13) izan zen igoeren kale nagusitik desbideratu zen traineru bakarra. Momentuz, badirudi finantzen untzia hondora ez dela berehala joango. Baina Alemaniako finantza ministroak salatu du, AEBak ez daudela jada finantzen Kontxarako faboritoetan.
BBVA. Euren ondarearen bostena baino gehiago itzuli behar izan dute Espainiako bederatzi inbertsio funtsek, Lehman Brothersen porrotaren ondotik, CNMVren arabera. BBVA Bolsa USAren kasuan, bezeroek ondarearen %42 atera dute funtsetik.
Total. Frantziako Totalek (+%1,76) Espainiako Repsol-YPF (+%4,85) bereganatzeko interesa plazaratu duela eta, bide batez, Sacyrri (+%3,58) mesede ederra egin dio. Shell ere Sacyrrek eskainitako partaidetza aztertzen ari omen da.
BURTSA. SOStengua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu