Txirristara igo ziren atzo gure indizeak eta bilakaera goitik beherakoa izan zuten noski. Goizez Santander (-%1,89) bankuaren emaitza ikusgarria jakinarazi zen, %39ko hazkundea izan duena. Baina bada besterik, aurtengo lehen hiruhilekoan NH Hotelesek (-%0,82) sei eta Iberiak (-%2,06) hamabost milioiko galerak izan baitituzte. Espainiako ekonomian turismoak duen pisua ezagututa, arretaz begiratzeko moduko datuak. Egia da ACS (+%2,17) eta Enagasek (+%0,56) kasu, hurrenez hurren, %25 eta %22eko mozkin hazkundeak izan dituztela epe berean, 113 eta 48 milioi irabaziz. Baina txirristan, jakina, igo nahiz jaitsi egin liteke. Arcelorrek (-%3,18) egurra jaso zuen atzo, Turkiako Erdemir altzairugilea salgai jarriko dutela jakin bezain laster. Telecincok (-%4,93) ere dexente galdu zuen, baina dibidendu ordainketa ere izan zen tartean: irabazien %80 dibidendutan eman du telebistak.
-VISCOFANEK (+%1,09) 0,9 milioi irabazi ditu aurtengo lehen hiruhilekoan, iaz 4,89 irabazi ondoren. Urtean 18,7 milioi irabaztea espero du hala ere, iaz baino %15 gutxiago, prezio beherakor eta kostu gorakor artean.
-IBERIAK (-%2,06) 16 milioi galdu ditu lehen hiruhilekoan, iaz galdutako 10 milioiak baino %59 gehiago, petrolio garestiagatik. Santanderrek ordea, 1.185 milioi irabazi ditu, 90 egunotan, Abbey lagun.
BURTSA. Txirristan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu