BURTSA. Zatoz infernutik, laztana

Joseba Barandiaran Andueza.
2008ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Astelehenean infernura bidali zuen kapitalizazio bera berreskuratu zuen atzo, gutxi asko, Ibex-35 (+%3,81) indizeak. Lertxundiren prosa sendoagoa da akzio azokaren oinarriak baino, eta, aldakortasuna, tratu txarren eragile den gizonaren umorearena baino handiagoa. Bezperan soineko gorria jantzi zuten indizeek banku eta energia enpresen eskutik, eta horiexek eragin zuten, hein handi batean, atzoko errebotea: %6na pasa irabazi zuten bi banku handienek, %8,93 Gamesak eta %5 pasa Iberdrolak. 2.614 milioiren salerosketa izan zen gainera, azken aldikoa baino altuxeagoa. Narratzaile gisa, ordea, ezin ahots neutrorik agertu: ur nahasiotan arrain txikiak galduta ibiltzeko aukera handia baitute. Banku zentralek laguntzaile sozialarena egitea onetsi dute, eta interes tasen jaitsiera espero da biharko Eurogunean. Merkatuari (epaileari) kontatzen zaiona eta enpresen mozkinen etxe barruko aurreikuspenak, hala ere, ez datoz beti bat.



Goldman Sachs. Subprimekrisia saihestea lortu zuen inbertsio banku nagusiak 1.575 milioiren galerak izan ditzakeela plazaratu du Wall Street Journal kazetak. Izan ere, sutean ez erretzea gauza bat da, eta suteak eragin kearekin ez kutsatzea, beste bat.



Metrovacesa higiezinen enpresaren kotizazioa etetea agindu zuen CNMVk atzo. Enpresaren %80 bere esku duen Sanahuja sendiak, %54ko partaidetza inguru eman beharko die sei banku hartzekodun nagusiei, lau mila milioiko zorra dela medio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.