Ziburuko kaian 325 kiloko pieza lerdena eta ia %3ko igoera Bilboko burtsaren kaian. Herbereetako gobernuak INGrentzat (+%29,24) 10 mila milioi euroko kapitaleko harrapaketa egiteak zerikusirik izango zuen; %3 pasa irabazi zuen BBVAk, %1,82 Santanderrek. 325 kiloko hegalaburraren mozorroa, hala ere, hegazkinetan hego luze askoak dituen Iberiak (+%26,43) jantzi zuen, British Airwaysen bategitea biziberritzearekin bat. Zurrumurruen sare pelajikoak, aldiz, Societe Generale (-%3,02) harrapatu du oraingoan, baina burtsan ez du gehiegi sufritu, nahiz egunean %12 galtzen ibili zen -ia 40 eurora jaitsi ostean, 44ra inguratu zen arratsaldean-. Bernankek interes tasak gehiago laburtzea aipatu eta hegoak indartu zitzaizkien Dow Jones nahiz Europako indizeei. 3.213 milioiren akzioak salerosi ziren Ibex-35eko akzioetan, lonja horretan ez baita eroslerik falta. Cintrak eta Iberdrolak, urrutira gabe, %5na pasa irabazi zuten.
Merrill Lynch. Merrill Lynch inbertsio bankuak, konfiantza krisiaren eraginez bere burujabetza galdu ostean, Europako bankuek dituzten balizko kapital beharrak kalkulatu ditu: 73.000 milioi. Egoera honetan iturri publikotik edan gabe kapitala handitzea zaila dela jakin arren (ING eta 10.000 milioiak lekuko), Santanderri 6.000 milioiren kapital gehigarri beharra kalkulatu dio eta BBVAri 2.400 milioirena. Santanderrek partaidetza industrialetan pilatzen duen 2.200 milioiren gainbalioa ez du kontuan hartu, ordea, inbertsio bankuak.
BURTSA. Ziburuko hegalaburrarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu