Tubos Reunidos tentsioz betetako egunak ari da igarotzen. Azken sua joan den astean piztu zaio, burtsan, iazko urteko kontuei PWCk (PriceWaterhouseCoopers) egindako auditoriak enpresaren jarraikortasunari buruzko "ziurgabetasunak" aipatu ostean. Asteazkenean, %12 jaitsi ziren konpainiaren akzioak; ostegunean, beste %32, eta, ostiralean, %10.
Su hori itzaltzeko asmoz, Tubos Reunidosen agiri bat zegoen gaur goizeko bederatzietarako CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordearen mahai gainean, eta goizeko negoziazioetan behintzat lortu du bere helburua; Tubos Reunidosen akzioek %22ko igoera zuten 13:00etan.
Bere idatzian, Amurrioko konpainiak jakinarazi du PWCk 2017ko kontuei egindako auditorian aipatzen ziren "ziurgabetasun materialak" enpresaren funtzionamenduari dagozkiola eta ez direla inondik ere kontu horiei egindako salbuespen bat. "Ondorioz, edozein kasutan, auditorearen iritzia aldekoa da", azaldu dio Tubos Reunidosek burtsako agintaritzari.
Tubos Reunidosek aitortu du bere jarduna baldintzatzen duten faktoreak egon badaudela: lantaldearen gastua murrizteko planaren ezarpena, euro-dolar trukea eta lehengaien prezioen bilakaera.
Horiei, jakina, orain gutxi piztutako beste su bat gehitu behar zaie: AEBek altzairu inportazioei ezarri nahi dizkieten %25 arantzelak. Donald Trumpen gobernuak esan du salbuespenak egongo direla, baina oraindik argitzeko daude horiek. Kontuan izanik Tubos Reunidos taldearen salmenten %46 AEBetara egiten direla, Amurrioko taldearentzat kolpe ederra etor daiteke Washingtondik.
Etxe Zuriaren neurri protekzionisten xehetasunak, hain zuzen, ostiral honetan jakingo dira, eta ordura arte itxaron nahi izan du Tubos Reunidosek Productos Tubulares bere filialeko langileen ordezkariekin biltzeko. Arrazoi hori eman die, behintzat, haiekin martxoaren 13an egitekoa zuen bilera atzeratzeko.
Productos Tubularesen ere su handia du piztua Tubos Reunidosek. Iazko emaitza kaskarrekin batera, taldeak langileriaren "doiketa" baten beharra iragarri zuen, eta zuzenean Trapagarango filiala aipatu. Orain, Trapagarango lantegiko 150 langileek ziurtzat dute kaleratu egin nahi dituztela, eta kudeaketa txarraren eta erabaki okerren pagaburu sentitzen dira. Greba mugagabean daude martxoaren 8az geroztik.
Joan den ostiralean, manifestazioa egin zuten Bilbon —mila lagun inguru bildu ziren—, eta sindikatuetako ordezkarien azalpenak entzuten ari ziren Guillermo Ulazia Tubos Reunidoseko presidentea haiengana jaitsi zenean. ELA sindikatuak Ulaziaren jarrera "probokaziozkoa" izan zela salatu zuen.
Egoera ez da samurra Ulaziaren konpainiarentzat. Azken hiru urteetan 100 milioi eurotik gorako galerak pilatu ditu —34 milioi iaz—, eta 200 milioi eurotik gora zorra du. PWCren auditoriaren arabera, Tubos Reunidosen maniobra funtsa —kaudimena eta berehalako ordainketak egiteko konpainiaren gaitasuna adierazten dituen indizea— zenbaki gorrietan zegoen 2017. urte amaieran, -3,8 milioi eurotan.
Amurrioko taldeak gaurko idatzian azpimarratu duenez, kopuru hori txikia da, soilik %2,6koa taldearen ondare garbiarekiko —144 milioi euro—. Era berean, Tubos Reunidosek gogoratu du 2017. urteko maiatzean berritu zuela bere kreditua banku talde batekin, 2022ra arte haziz joango diren amortizazioekin. Likidezia tentsioei buruzko zurrumurruak ere argitu nahi izan ditu konpainiak. Haren arabera, 2018. urtearen hasieran 49,7 milioi euroko likidezia zuen taldeak —19 milioi altxortegian eta 30,7 gehiago kreditu lerroetan—.