Nahiz eta gaur egun ez den giro merkatuetan, burtsara jauzi egingo du gaur Nafarroako Kutxa partaide duen Banca Civicak. Duela aste batzuk akzio bakoitza 2,7 eta 3,8 euro bitartean saltzea aurreikusi zuen, eta azkenik tarte horretako preziorik merkeenean aterako da merkatura. Horrek esan nahi du martxoan Banca Civicaren kontu liburuek kapitalari emandako balioa baino %73 merkeago estreinatuko dela burtsan.
Dena den, gutxienez 242 milioi akzioak saltzea lortuko du. Izan ere, akzio horiek erosteko eskaria uste baino handiagoa izan da, batez ere akziodun txikien artean. Hau da, gehienez 250.000 euro inbertituko dutenen artean. Azkenean salgai jarritako akzioen %58 erosiko dute akziodun txikiek.
Eskaria txikiagoa izan da akziodun handien artean. Hala ere, ez dute arazorik izan akzioen %40 saltzeko. Langileen artean ere 4,4 milioi akzio saltzea lortu dute.
Burtsaratzea prestatzeko Banca Civicak hainbat finantza erakunderen aholkularitza jaso du (besteak beste, Credit Suisse, Morgan Stanley, Banco Madrid eta La Caixa). Erakundeok nahi izanez gero, beste 26 milioi akzio erosi ahalko dituzte. Aukera hori gauzatuz gero, Banca Civicak estreinaldian 670 milioi euro bilduko ditu. Atzo, berriz, Caja Madrid eta Bancajaren Bankia atera zen burtsara eta hasieran behera egin arren, parean amaitu zuen.
Burtsara aterako da gaur Banca Civica, eta akzio denak salduko ditu
Aurreikusitako prezio merkeena izan arren, akzioa 2,7 euroren truke salduta, 670 milioi euro bilduko ditu bankuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu