Yacimientos Petroliferos Fiscales ez da besteak bezalako konpainia bat. Ez, behintzat, argentinar askoren memorian. Petrolioa aurkitu eta hamabost urtera martxan jarritako enpresak burujabetza energetikoa iradokitzen du oraindik, garai oparoagoen ametsa. Hego Amerikako beste herrialdeentzat eredu izan ondoren, 70 urte geroago Carlos Menem presidentearen pribatizazio oldearen biktimetako bat izan zen, Repsolen eskuetan amaitu baino lehen.
1907. urtean atera zen urre beltza lehen aldiz Argentinako lurzorutik. Abenduaren 13a zen, eta zulaketa 500 metroko sakonera lortu zuenean, punpatzeari ekin zion hidrokarburoak. Aurkikuntza gertatu zen hiria, Comodoro Rivadavia, petrolioaren hiriburua izango zen harrezkero. Atzo, YPFren desjabetzea azaltzeko agerraldian egun hura ekarri zuen gogora Fernandez Kirchnerrek, ateratako lehen petrolioa gordea zuen potea erakutsita.
Hurrengo urteetan aurkikuntzari etekina ateratzeko herri lan ugari abiatu zituen Argentinak. Azkenik, 1922. urtean Yacimientos Petroliferos Fiscales (YPF) sortu zen. Petrolio gehiago bilatzeko eta ustiatzeko ahaleginak biderkatu ziren. Argentinako toki ugaritan, errepideak eta bestelako aurrerapenak iritsi ziren bilaketaren bultzadari esker. Herri eta hiri berriak sortu ziren, gordailuak erakarrita.
Besteentzako eredu
YPFk petrolioaren monopolioa zuen, eta hidrokarburoak ustiatzeko, garraiatzeko, fintzeko eta saltzeko prozesu osoa bere gain hartu zuen. Lehen konpainia izan zen integrazio bertikal horrekin saiatzen. Ondoren, eredu eta erreferentzia ezinbestekoa izango zen beste herrialde batzuentzat petrolio negozioa antolatzeko. Esaterako, Brasilgo Petrobras.
50.000 langile izatera iritsi zen, baina diktadura militarra iritsi zenean muturreko zorpetzea jasan zuen. Azkenik, 1992an Carlos Menemen gobernu liberalak pribatizatzea erabaki zuen. 1999. urtean Repsolek erosi zuen, akzio eskaintzan konpainiari 10.200 milioi euroko balioa aitortuta.
Burujabetzaren ikur energetikoa
Yacimientos Petroliferos Fiscales 1922. urtean sortu zuen Argentinak, eta antolakuntza eredu izan zen Hego Amerikako beste herrialde batzuentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu