Ekonomia

Bush: "Ordezkarien Ganbera planaren kontra agertzeak ez du esan nahi hori bukatu denik"

Atzo Ameriketako Estatu Batuetan, errepublikano gehienek ez ezik, demokrata askok ere 700.000 milioi dolarreko salbamendu planaren aurkako botoa eman zuten, baina presidenteak ez du etsi nahi. "Bestela, egoera ekonomikoa egunetik egunera okerrera joango da".

2008ko irailaren 30a
19:35
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Ordezkarien Ganberak ezustean atzera bota zuen atzo finantza sistema diru publikoarekin salbatzeko plana -700.000 milioi dolarrekoa-, George Bush AEBetako presidenteak sustatutakoa, baina honek esan du aurrera segituko duela. "Ordezkarien Ganbera planaren kontra agertzeak ez du esan nahi hori bukatu denik", adierazi du gaur. "Lege egitasmo bat azkenean lege bihurtzen bada, ez du axola egitasmo horrek zer bide jarraitu duen".

"Munduko herritarrei" zuzendu zaie Bush, eta egoera ekonomikoa "kritikoa" dela aitortu du. "Premiaz hartu behar ditugu erabakiak; bestela, egoera egunetik egunera okerrera joango da".

205 ordezkarik aldeko botoa eman zuten atzo eta 228k aurka. Bozketaren emaitzak New Yorkeko burtsa amiltzea ekarri zuen, eta 700 puntu galdu zituen minutu gutxian.

Asteburu osoan Etxe Zuriak bi ganberetako buruzagitza demokratarekin eta errepublikanoarekin lortutako akordioak ez zuen askorako balio izan, bi alderdietako diputatu soil askok eskaerari muzin egitea erabaki baitzuten. Ezer gutxirako balio izan zuen Bush lehendakariak ia goiz osoa alderdikideak presionatzen aritu izanak.

Jakina zen ordezkari errepublikano askok aurkako botoa emango zutela, eta hala gertatu zen: 134 azaldu ziren aurka, eta 64 baizik ez alde. Ted Poe Texasko ordezkari errepublikanoak modu argigarrian laburtu zuen alderdikideen ezezkoaren arrazoi nagusia: "New Yorkeko jauntxoek espero dute Joe herritar xeheak ordaintzea astakeria hau guztia. Baina estatubatuar bakoitzaren buruan pistola jartzea ez da irtenbidea".

Baina harrigarriagoa izan zen 94 demokratek ere kontrako botoa eman izana. Bozketaren aurretik Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente demokratak ziurtzat jo zuen bere alderdikideek aldeko botoa emango zutela. "Espero dut errepublikanoek ere egitea", gaineratu zuen. Hala ere, goiz osoan ordezkari demokratak konbentzitu nahian aritu zen, batik bat langile xumeak ordezkatzen dituzten estatuetako ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.