Lan gatazka

Caballitoko langile batzordeak uko egin dio arbitrajeari

Enpresa zuzendaritzak proposatutako arbitrajea ez dutela onartzen jakinarazi du gaur Caballitoko langile batzordeak. Aldiz, Preco-ren bitartekaritzaren alde agertu da berriro ere. Joseba Leza batzordeko presidenteak agertu duenez, arbitrajeak laudoa onartzera derrigortzen ditu langileak, eta ez daude hori onesteko prest. EAEko Lehendakaritzaren egoitzara, Ajuria Enera, eraman dute gaur protesta Caballitoko langileek, eta Ertzaintzak indarka bota ditu handik. Dagoeneko, zazpi hilabete bete dituzte greban.

2004ko ekainaren 4a
17:12
Entzun
Lezak azaldu du arbitrajea onartuz gero, hark hartzen duen erabakia langileen batzarrak ezin duela bozkatu eta derrigorrez jartzen dela indarrean. Halako neurririk ez dutela onartuko nabarmendu du.

Aitzitik, berriro ere Preco Lan Gatazken Konponketarako Prozeduraren bitartekaritza eskatu dutela jakinarazi duLezak. Caballitoko zuzendaritzak uko egin dio irtenbide horri aurreko saioetan. Hori dela eta, edozein bitartekaritza onartzeko prest daudela esan du langile batzordeko presidenteak. Caballitoko zuzendaritzak hitzarmenaren negoziazioa amaitutzat eman zuen atzo, eta arbitrajea eskatu zuen.

Ibarretxeren inplikazioa eskatzera

Bestalde, Caballitoko langileek Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaren egoitzaren atarian, Ajuria Enean, egin dute gaur protesta. Azaldu dutenez, Ibarretxeri gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatu nahi zioten ekintza horren bidez. Ertzaintza oldartu egin zaie langileei, eta indarka bota ditu Ajuria Enea ataritk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.