Ana Agirre Jaurlaritzako Industria sailburuak baieztatu egin du Caballitoren asmoa ekoizpenaren zati nagusia ekialdeko Europara, seguruenera Poloniara, eramatea dela. Hori dela eta, hausnarketara garaia dela iritzi dio: batetik, enpresa ereduak aztertu beharko liratekeela uste du; bestetik, etorkizunera begira neurriak hartu beharko liratekeela horrelako gatazkek ez hain luze jotzeko.
Nolanahi ere, puntu batekin agertu da bereziki arduratuat Industria sailburua: Caballitoren zuzendaritzak —Alemaniakoa da enpresa hori eta han ditu buruzagiak— hartutako erabakia aurrekari izan daitekeela beste multinazional batzuek ere bide bera hartzeko.
Oro har, industria sarearentzat zein langileentzat "oso albiste txarrak" direla azpimarratu du Agirrek: "Uste dugu oso berri txarra dela. Batetik, Euskadin dagoen enpresa bati zuzen-zuzenean eragiten diolako; bigarrenik, langile askoren egoera larriagotu egin duelako; azkenik, kanpoko inbertsioen arloan oso eragin negatiboa izan dezakeelako. Ez du batere laguntzen gure herriaren irudia altxatzen", esan du Ana Agirrek.
Caballitoko langileek duela 8 hilabete ekin zioten grebari, lan hitzarmenaren inguruan ez zutelako patronalarekin adostasunik lortzen. Denbora epe luze horretan, mikatzak izan dira langileen eta zuzendaritzaren arteko harremanak, baina, dudarik gabe, azken egunotan, areago garraztu dira.
Langileek eta gerenteak elkarren aurkako salaketak
Izan ere, zuzendaritzak ekoizpenaren zati nagusia Euskal Herritik eramango zuela iragarri ondoren, enpresa auzitara eramatea erabaki zuten atzo langileek "mehatxuengatik" eta "greba eskubidea urratzeagatik". Urrats hori egin baino lehen, beste salaketa bat jarri dute Caballitoko langileen ordezkariek gaur zuzendaritzaren aurka: gaur goizean lantegira joan dira beren lanpostuak ordezkatzen ez zebilela inor ziurtatzera, eta hara agertu direnean, Jose Ignacio Gonzalez gerenteak bota egin ditu, modu txarrean. Hori ikusita, Ertzain Etxera joan dira eta salaketa jarri dute gerentearen aurka. Una hartan jakin dute gerenteak beste bat jarri duela beren kontra "irain eta mehatxuengatik".
Lan gatazka
Caballitoko zuzendaritzak hartutako erabakia beste batzuentzako aurrekari izan daitekeela eta, kezkatuta dago Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzak kezkaz hartu du Gasteizko Caballito enpresako lan gatazkak azken egunotan hartu duen norabide gordina. Izan ere, zuzendaritzaren erabakia, hau da, langileak greban direla-eta produkzioaren zati nagusia ekialdeko Europara eramatekoa, beste multinazional batzuentzako aurrekaria izan daitekeela uste du Ana Agirre Industria sailburuak. Caballitoko langileen eta patronalaren arteko tira-bira, berriz, gero eta latzagoa da: langile batzordeak salaketa jarri du gerentearen aurka, eta, era berean, gerenteak langileen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu