Enpresak

CAF, Liejako tranbiaren esleipena lortzear

OTW Valoniako garraio operadoreak "lehentasunezko lizitzatzaile" izendatu du Tram'Ardent, CAFek beste bi bazkiderekin osatutako kontsortzioa

Liejako tranbiarentzako CAFn modeloa. CAF
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 20a
15:19
Entzun

Prozesu administratiboa oraindik ixtear badago ere, Gipuzkoako CAF konpainiak oso gertu dauka Liejako (Belgika) tranbiaren kontratu esleipena. Bi hautagai daude, eta OTW Valoniako garraio operadoreak Tram'Ardent kontsortzioa, zeinaren parte baita CAF, lehentasunezko lizitzatzaile izendatu du. Haren lehiakide bakarra Mobiliege 2.0 kontsortzioa da, Alstomek eta BAM PPP PGGMk osatutakoa. Edonola ere, esleipenarekin lotutako azken erabakia OTWko adminsitrazio kontseiluak hartuko du.

Tram'Ardent kontsortzioa Colas taldeko sozieteteek (Colas Belgium eta Colas Rail Belgium), CAFek eta DIF finantza korporazioak osatzen dute. Kontratua lortuz gero, CAFen betebeharra honako hauei lotuta egongo da: 20 tranbia, seinaleztapeneko, telekomunikazioko eta energiako sistemak hornitzea, eta sistemaren mantentze-lanetan parte hartzea. Edonola ere, CAFek ez du azaldu zenbat dirukoa izango zen kontratua.

Beasaingo konpainiak azaldu duenez, Liejako tranbiaren kontratuak "beste aurrerapauso bat" ekarriko lioke "Beneluxeko tren-merkatuan kontsolidatzeko bidean" eta, bereziki, material mugigarriaren Belgikako merkatuan. CAFek kontratu garrantzitsuak lortu ditu Europako zonalde horretan azken hiru urteotan: Bruselako metro unitateen hornikuntza, Amsterdamerako metro eta tranbia unitateak, Luxenburgerako tranbiak, Herbehereetako Utrecht hirirako tranbiak, eta Flandriako De Lijneko garraio enpresarako tranbiak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.