Australiako hiriburuko metroko linea horrek 12 kilometroko luzera eta 13 geltoki izango ditu, eta Gungahlin-eko eremua Australiako hiriburuko erdigunearekin lotuko du. Lehen ibilgailuak 2017ko amaieran entregatzea aurrez ikusi dute.
Tranbiak URBOS tranbien familiakoak dira; bi norabidetarako ibilgailuak, % 100ean zoru baxukoak, albo bakoitzean 4 ate dituztenak eta, guztira, 5 moduluen bidez, 33 metroko luzera dutenak izango dira. Ibilgailu berriek estetika modernoa azken belaunaldiko ekipamenduarekin eta irisgarritasun handienarekin bateratzen dute, erosotasuna, errendimendua eta eragiteko erraztasuna zein mantentze-lanak bigarren mailara pasatu gabe. "Unitate horiek agerian uzten dute CAFek bezero bakoitzaren behar espezifikoei erantzuna emateko duen gaitasuna", nabarmendu du konpainiak prentsa ohar batean.
Epe luzera begira ere, lan bolumena handitzeko aukera ikusten du CAFek. ACTk (Australian Capital Territory) proiektuaren bigarren fasea gauzatzea erabakiko balu (línea Russell-eko eremuraino luzatzea aurrez ikusten du bigarren faseak), tranbiak energia bertan biltegiratzeko CAFen teknologiarekin ekipatuko lirateke. Teknologia hori liderra da mundu mailan eta geltokien artean katenariarik gabe zirkulatzea ahalbidetzen du.
CAFek azaldu du proiektua enpresak Australian aurretik egin zuen lanean oinarrituta dagoela. Hau da, Sydney hirirako tranbien hornikuntzan (gaur egun zerbitzu komertzialean dago). "Gainera, aipatu beharrekoa da CAFek arrakastarekin hornitu dituela URBOS plataformako beste ibilgailu batzuk herrialde hauetan: Alemania, Brasil, Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Hungaria, Serbia, Suedia eta Taiwan".
Errusian ere bai
Australiako kontratuarekin batera, Errusian ere lan bolumena ziurtatu du CAFek. Transmashholding (TMH) taldeko kide den MWMk, Errusian eta CISeko herrialdeetan metro-kotxeak fabrikatzen liderra denak, eskuratu du Moskuko metrorako metro-unitate eta Budapesteko metrorako kotxe birgaitzeko lanak hornitzeko esleipena. Era berean, MWMk CAFengan jarri du konfiantza lehen kontratu horretarako erreduzitzaileak diseinatzeko eta fabrikatzeko, eta bigarren kontraturako muntatutako ardatz osoak egiteko. Moskuko metrorako erreduzitzaileen kasuan, proiektuak 2016ko lehen hiruhilekotik 2020. urtera arte iraungo du. Aldiz, Budapesteko unitateetako birgaitze-lanetarako muntatutako ardatzen entregak 2016an (martxoan hasita) eta 2017an egingo dira.
Konpainiaren arabera, Australiako eta Moskuko kontrau berrin guztizko zenbatekoak 100 milioi euro baino gehiagoko negozio bolumena ekarriko dio CAFi. Kontratu bolada ona izaten ari da Beasaingo konpainia. Joan den urtarrilaren 22an Europan inoiz lortutako kontraturik handiena sinatu zuen, Ingalaterra iparraldean ibiltzeko hiri arteko 98 tren ekoitziko ditu 740 milioi euroren truke.