Krisiak, itxura batean, ez du eraginik CAFen. Tren ekoizleak jakinarazi du 103 tranbia egingo dituela Houstongo metrorako(AEB).250 milioi euro inguru jasoko ditu trenak egin eta gero zortzi urtean trenak mantentzeaz arduratzeagatik. Tranbiak bi epetan emango dizkiete: batzuk 2012ko udaberrian eta besteak 2014ko udan. Lehen zatian CAFek 29 tren egingo ditu eta 93 milioi euro inguru jasoko ditu.
Houstonen metroa zabaltzen ari dira. Beste lau ibilbide egingo dituzte, 30 kilometro guztira. CAFek zoru baxuko tranbiak egingo ditu Houstonerako: tranbia bakoitzak bost bagoi izango ditu, 31,2 metro guztira, eta 280 lagun eraman ditzake gehienez, horietatik 50, eserita.
AEBetan egingo dituzte
Tranbiak CAFek New Yorkeko estatuan duen lantegian egingo dituzte, Elmiran. Enpresak uste du kontratu horren bitartez sendotu egingo duela Ameriketako Estatu Batuetako merkatuan duen lekua. Eta ate berriak irekiko dizkiola, «Ameriketako hiri askok baitute asmoa mota horretako ibilgailuak jartzeko». CAFek proiektuak egin ditu Kalifornian, Pennsylvanian eta Washingtonen.
CAFek hilabete honetan bertan jakinarazi du iaz 105,7 milioi euroren irabazi garbiak izan zituela, 2007an baino %21 gehiago. Iazko urte amaieran 4.137,4 milioi euroren eskaerak zituen urte amaieran, iaz garai berean baino %21,3 gehiago. Duela gutxi lortu du Bruselako metrorako hamahiru tren egiteko kontratua.
CAFek 103 tranbia egingo ditu Houstongo metrorako
250 milioi euro inguru jasoko ditu tranbiak egiteagatik eta zortzi urteko mantentze lanengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu