CAFek bi lehiaketa irabazi ditu Saudi Arabian, eta bi kontratu lortu ditu. Kontratu horien ondorioz, 200 milioi euroren diru sarrerak izango ditu. Kontratuetako bat Saudi Railway Companyrekin (SAR) sinatu du; bestea, berriz, Saudi Railways Organizationekin (SRO). Enpresak esan du kontratu berriek sendotu egin dutela CAFen nagusitasuna Saudi Arabian. 400 milioi euro inguruko kontratuak ditu gaur egun han.
CAF lehendik ari da lanean SROrentzat. SROk bi lan eman zizkion CAFi, guztira hamabi tren egiteko. Kontratu berriaren arabera, CAFek bi motatako trenak egingo ditu SARentzat: alde batetik, lehen eskatu zituenen pareko lau; bestetik, Push-Pull trenak. CAF arduratuko da trenak diseinatzeaz, egiteaz eta mantentzeaz. Push-Pull trenek orduko 200 kilometro baino gehiagoko abiadura lor dezakete.
Push-Pull trenak gauez bidaiatzeko erabiliko dituzte, trenbide berri batean. 1.100 kilometroko bidea egingo dute, Saudi Arabiatik Jordaniako mugaraino. Familientzako guneak, haurrentzako jolastokiak eta errezatzeko tokiak izango dituzte. Baita autoak eramateko lekua ere.
Ekialde Hurbila gero eta garrantzitsuagoa da tren ekoizleentzat. Tren garraioa indartzen ari da, eta trenbide berri ugari sortzen ari dira. Ekoizleen arteko lehia handia da.
Saudi Arabian eta Qatarren apirilean ikusi eta erabili ahal izango dituzte CAFen trenak lehen aldiz, Riad eta Doha arteko trenbidean. 430 kilometroko trenbidea da, eta SROren esku dago. CAFen esanetan, Ekialde Hurbileko bidaiarien tren «modernoenak» eta «azkarrenak» izango dira, eta horrek sendotu egingo du haren garrantzia eta irudia.
CAFek 200 milioi euro lortu ditu bi kontratutan
Trenak diseinatu, egin eta mantenduko ditu Saudi Arabiako bi konpainia garrantzitsurentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu