Enpresak

CAFek 200 milioi euroko kontratua lortu du Ingalaterran

Bi bagoiko hamabi tren eta lauko beste hamalau ekoitziko ditu Birmingham inguruko hiri eta herriak lotzeko ibilbideetarako.

Beasaingo konpainiaren trenetako bat. CAF
xabier martin
2017ko urriaren 17a
09:02
Entzun

Irlanda eta Erresuma Baturako CAFen zuzendari Richard Garnerrek "albiste zoragarria" dela esan du, eta eskaera horrek segida emango diela aurreko hilabeteetan Beasaingo konpainiak Erresuma Batuko merkatuan lortu dituen kontratuei. "Proiektu honek CAFen posizioa egonkortuko du Erresuma Batuko merkatuko fabrikatzaile nagusietako baten gisa".

West Midlands frankizia Ingalaterrako eremu horretan egitera doan 1.125 milioi euroko inbertsioaren zati bat besterik ez da CAFek lortu duen kontratua, 200 milioi eurokoa. Bi bagoiko hamabi tren eta lauko beste hamalau ekoitziko ditu Birmingham inguruko hiri eta herriak lotzeko ibilbideetarako, eta haien mantentze lana egingo du. Aurrerantzean ere Erresuma Batuko merkatuak abagune handiak eman diezazkioke Beasaingo trengileari. "Azken mendeko tren modernizazio prozesu handienean sartu gara", esan du Chris Grayling Garraio Estatu idazkariak. Erresuma Batuan eta, oro har, Europako merkatuan lehia betean da CAF, hedatze aro batean sartuta. Alstom eta Siemens Europako handien bat egiteak ez du aldatuko CAFen hazteko estrategia, ordea. Andres Arizkorreta presidenteak garbi esan zuen hori aurreko hilaren hondarrean. CAF nor baino nor lehiatzeko prest dago, baina badaki eraginkorra izateko irabazien marjina igo egin beharko duela.

"Gustura gaude lan hau CAFi eman diogulako", esan du West Midlands frankiziako arduradun Dominic Boothek; CAFek BWB Erresuma Batuko ingeniaritza garrantzitsua erosi zuen uztailean, eta ekoizpen planta bat zabaltzeko lanetan da, Newporten, Hegoaldeko Galesen. 46.000 metro koadro izango ditu plantak, eta 200 behargini emango die lana. 2018ko udazkenerako prest egotea espero dute Beasaingo arduradunek, eta 2019rako 300 langile egotea beharrean. Apustu horren isla da uhartean lortzen ari den kontratuen zerrenda esanguratsua.

Bi digituko hazkundea

Hedatze prozesu horren beste ondorioa konpainiaren emaitzen hobekuntza da. CAF bi digituko hazkundea izaten ari da 2017. urtean. Aurreko urtean inoizko eskaera poltsa handiena lortu izana (6.228 milioi euro) emaitzak ematen ari zaio CAF konpainiari. Arizkorretak CAFen geroa oparoa dela argi uzten duen mezua halarazi zuen 2016ko akziodunen batzar nagusian: "Agerian dago hazkunde aro batean sartu garela, baita hura gurekin izango dela ere epe ertainera".

CAFen salmentak 1.300 milioi ingurukoak dira gaur egun, eta eskaera poltsa 6.000 milioi eurokoa zen 2017ko ekainaren 30ean. 8.000 langile inguruk dihardute konpainiaren lantegietan, Euskal Herrian, Frantzian, Mexikon, AEBetan eta Brasilen. Erresuma Batuan lortu duen azken kontratu honen aurretik, Seattle (AEB) hiritik iritsi zen azkena; hamar tranbiako eskaera izan zen. Norvegiako Flytogetentzat zortzi Oaris egiteko akordioa jaso zuen aurretik, eta aht-aren atalean buru-belarri sartzeko aukera eman zion horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.