Beasaingo CAF Construcciones y Auxiliares de Ferrocarriles enpresak 400 milioi euroko kontratua sinatu du Letonian, 41 tren egiteko, enpresak berak gaur jakinarazi duenez. 41 tren horietatik 34 unitate elektrikoak izango dira eta zazpi dieselekoak. Horrez gain, 30 urtean tren horien mantenu lanak CAFek egingo ditu, eta horretarako azpiegiturak eraikiko ditu.
Pasazieru Vilciens erakundeak eman dio Beasaingo enpresari proiektua. Letoniak trenaren arloan sekula lotutako kontraturik handiena da.
Lehendabiziko aleak 2014 erdirako bukatzea aurreikusten du CAFek. Denak 2015erako amaitu beharko ditu. Han bertan egingo ditu trenen zati batzuk, RVR Letoniako enpresa azpikontratatuta.
Tren bakoitzak 59 metroko luzera izango du. Unitate elektrikoetan eserita 270 lagun joan ahalko dira eta zutik 190; diesel eredukoetan, berriz, 300 eta 150. Trenek 140 kilometro ordukoko abiadura harrapatu ahal izango dute.
Letoniako kontratu horrekin "nazioarteko apustua berretsi" egin dela adierazi du Beasaingo enpresak. Gaur egun, besteak beste, Stockholm, Belgrado, Naoned edo Birminghamerako trenak egiten ari da, eta Erroma, Brusela, Istanbul edo Bukaresterako metroko unitateak.